Berriak Euskaldunon Egunkaria-k ez zituen hainbat irakurle berri irabazi zituen. Etorritako erosle berri horiek hobeto ezagutzeko asmoz egin zen inkesta. Martxelo Otamendi pozik dago emaitzekin, baina zer hobetua eta zer ikasia badagoela azpimarratu du.
Zein da Berriaren iritzia inkestaren emaitzei buruz?
Pozik gaude. Harpidedun eta erosleen %60ren iritziz, Berria espero baino hobea da. Hala ere, ehuneko hori handitzeko, lan egin behar dugu.
Harpidedun eta erosleen ezaugarriei buruz zerbait nabarmenduko al zenuke?
Sexuari dagokionez, gizonezkoen eta emakumeen banaketa ia parekoa da. Gurean emakumeen ehunekoa beste egunkari batzuetan baino handiagoa da, eta horrek zer pentsatua eman behar digu: esaterako, emakumeen zenbait berezitasun aintzat hartuta egin behar dela egunkaria. Guk bakarrik ezin dugu gizartea aldatu, baina gizartea aldatzen lagundu dezakegu, emakumeei protagonismo handiagoa emanda.
Unibertsitateko ikasketak dituzten harpidedun eta erosleen ehunekoa ikusgarria da. Zer deritzozu?
Ona da, nolabait esateko, etorkizunean gizartean eragingo dutenetako asko gure irakurle direlako; baina, era berean, arriskutsua ere izan daiteke: garai bateko lan banaketa aintzat hartuta, esan dezakegu, enpresetako bulegoetan saltzen dugula, baina lantegietan ez hainbeste. Lantegietan gehiago saldu beharko genuke. Horixe dugu beste erronketako bat, lantegian lanean ari denarentzat erakargarria izango den egunkari bat egitea. Datua ona da, baina defizit bat erakusten du.
Datuek erakusten dute zaila dela gazteak egunkarietara erakartzea. Proportzioan gazte gutxi daude erosleen artean.
Mundu osoan gertatzen da, gazteek ez dute egunkariak irakurtzeko ohiturarik. Inoiz baino gazte euskaldun gehiago ditugu, inoiz baino irakurle potentzial gehiago ditugu, baina egunkariak irakurtzeko ohiturarik ez dute. Gazteek jauzi egiten dute telebistatik Internetera egunkarietatik pasatu gabe.Gazteak erakarriko dituen produktu bat egiten asmatu behar dugu.
Euskara eta euskal prentsa laguntzea dira harpidedun eta erosleek Berria erosteko aipatzen dituzten arrazoi nagusiak.
Egunkaria itxi ondoren Berria-k irakurle berri ugari irabazi ditu, kazetaritzarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik. Irakurle berri horietako gehienak elkartasunagatik etorri dira, baina gure meritua izan behar du elkartasunagatik etorri diren horiek gurean geratzea, Berria merezi duen egunkari bat delako.
Hala ere, harpidedun eta erosleek ontzat jotzen dute produktua, kalitatea.
Bai, eta pozgarria da. Ez dugu gure ikur izaeraren indarra galdu behar. Hizkuntza gutxituetan oso garrantzitsuak dira ikurrak, baina, ikurraz gain, produktu ona izan behar dugu, merezi duena. Jendeari erakutsi behar diogu Berria egunkari ona dela. Hori da gure apustua.
Inkestak jarraipena izango al du?
Bai. Badakigu erosten dutenek zergatik erosten duten. Jakin behar dugu, ordea, erosten ez dutenek edo erostear daudenek zergatik ez duten erosten. Jakin behar dugu zer pauso eman behar ditugun horiek erakartzeko.
«Ikur izaera galdu gabe, onak garela erakutsi behar dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu