Kultura

Ikus-entzunezkoen Erakundeen arteko Euskal Batzordea sortzeko dekretua onartu du Jaurlaritzak

Ikus-entzunezkoen alorraren garapena helburu hartuta, IKEBATZ Ikus-entzunezkoen Erakundeen arteko Euskal Batzordea sortu du Eusko Jaurlaritzak, gaur onartu duen dekretu baten bidez. Funtsean, ikus-entzunezkoekin zerikusia duten euskal erakundeen politikak eztabaidatu eta koordinazio gune gisa sortu da.

2003ko irailaren 23a
16:17
Entzun
IKEBATZen zereginen artean daude, besteak beste, ikus-entzunezko alorraren garapenera zuzendutako lan ildoen gaineko iritzia eta aholkua eskaintzea; ikus-entzunezkoen jardueraren koordinazioari begira, garapenerako lan ildoak eta ekintzak proposatzea; alorrari zuzendutako neurrietan sailen eta erakundeen arteko lankidetza eta koordinaziora zuzendutako proposamenak egitea; ikus-entzunezkoen garapenerako lan ildoen eta egitasmoen jarraipena eta balorazioa egitea; eta lan ildo eta ekintzen eta oro har ikus-entzunezkoen garapenera zuzendutako neurrien urteko Oroitidazkia prestatzea. Ikus-entzunezkoen Erakundeen arteko Euskal Batzordea alor honekin zerikusia duten Eusko Jaurlaritzaren sailek (Kultura, Industria, Merkataritza eta Turismoa, Ogasuna eta Herri Administrazioa, Hezkuntza eta Unibertsitatea, Justizia, Enplegua eta Gizarte Segurantza), hiru foru aldundiek eta EITBk osatzen dute, eta hauekin batera alorreko eragileen ordezkariak izango dira, IKEBATZen Aholku Batzordean eta eginbehar zehatzetarako sortuko diren egitasmoen garapenerako taldeetan.

Ikus-entzunezkoen Erakundeen arteko Euskal Batzordea Liburu Zurian aurreikusten da eta alorraren garapena suspertzeko tresna gisa definitzen da, non elkarlanean arituko diren herri erakundeak eta eragile pribatuak. Bere zereginen artean, Liburu Zuriaren lan-ildo eta egitasmoen jarraipena eta azterketa egiteaz gain, hauek gauzatzen laguntzea eta proposamen berriak egitea azaltzen da.

Horrela, IKEBATZek zer esana izango du Liburu Zurian sortzea aurreikusten diren beste antolakundeetan, hala nola aurrerantzago aipatuko den alorraren Clusterra edota epe ertainera eta Liburu Zurian proposatuta eragile pribatuetatik etorri daitezkeen egiturak (enpresen arteko bilgunea eta azpiegituren kudeaketarako enpresa). Ikus-entzunezko alorreko Clusterrari dagokionez, berau Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak bultzatuko du, Kultura Sailarekin elkarlanean, beste arlo ekonomikoetan indarrean diren Clusterren bidetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.