Ildo politikoa garatzeko ekarpenak jasoko ditu Sortuk udan

Legebiltzarrerako bozak udazkenean egiten ez badira, azaroan lehen kongresua egingo du alderdiak

Sorturen sustatzaileak, atzo, Bilbon egindako agerraldian. L. JAUREGIALTZO / ARP.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Sortu alderdiaren ildo politikoa garatzeko eztabaida prozesua hasi du ezker abertzaleak. «Sortzaile» bihurtu eta parte hartzera deitu dituzte abertzale eta ezkertiarrak; udan ekarpenak jaso eta eztabaidatu ostean, azaroan lehen kongresua egiteko asmoa dute, Eusko Legebiltzarrerako bozak udazkenera aurreratzen ez badira. Bozak azaroan egingo balira, ordea, kongresua abendura edo urtarrilera atzeratuko lukete. Eta hauteskundeetan EH Bilduren barruan aurkezten saiatuko lirateke, Maider Etxebarriak atzo azaldu zuenez: «Indar metaketaren aldekoak gara. Logikoa da koalizioarekin bat egitea». Haren ondoan agertu ziren Karmele Agirregabiria, Iñaki Zabaleta, Xabier Artola eta Raquel Jausoro, alderdiaren sustatzaileak.

Oraingoz, izena eta estatutuak dira Sorturen euskarri bakarrak. Joan den astean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak alderdia legezko jo ostean, egitura eta mamia eman behar diote proiektuari. «Guztia erabakitzeko dago». Hartara, Ideien borroka izeneko prozesua ireki dute. Auzoz auzo eta herriz herri, «sortzaile bihurtzeko fitxak» banatzen ari dira, herritarrek lau punturi buruzko iritzia eman dezaten: oinarri ideologikoak, ildo politikoa, antolaketa eredua eta komunikazio politika. Webgunearen bidez ere ekarpenak egin daitezke: sortu.net.

Irailean, bildutako ideiak eztabaidatuko dituzte, eta barne ardurak ezartzeko hauteskundeak egingo dituzte. Kongresuaren bidez amaituko dute alderdia sortzeko prozesua; azaroan egitea espero dute, bozik ezean.

Eztabaida prozesuan metodologia «ireki, parte hartzaile eta sortzailea» erabiliko dute, eta antzeko filosofiarekin antolatuko dute kongresua. Zutik Euskal Herria ildoarekin bat datozen guztiei eskatu diete bertan parte hartzeko, orain arte ezker abertzaleko kideak izan ez arren. «Jendarte zabalera iritsi nahi dugulako, indarrak metatuz, bai zaharrak, baita berriak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.