Ezker abertzalea ez da geldirik egongo. Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko abiatutako prozesuaren aurkako «erasoak» erantzungo ditu, azken hilabeteetan finkatu duen ildo politikoaren garapenean «sakonduz». Sorturen legalizazioa eskatuz atzo eginiko mobilizazioen karietara eginiko adierazpenetan, Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera kritikatu du ezker abertzaleak. Iñaki Ullibarrik irakurri zuen testua, Gasteizen. Aste honetako atxiloketak eta Sorturen legeztapenaren aurka Espainiako Estatuko abokatuak aurkeztutako inpugnazioak «ezker abertzaleak ireki duen egoera politikoa baldintzatzea eta Euskal Herrian ireki den aro berria oztopatzeko helburua» dutela salatu du.
Ezker abertzaleak uste du Espainiako Estatua «bere jarrera itxitik mugiarazteko» eta prozesu demokratikoan aurrera egiteko estrategia eraginkorrena dela «azken hilabeteetan buruturiko apustuan sakontzen jarraitzea». «Hilabeteotan ezker abertzaleak emandako pausoek egoera berri bat sortu dute Euskal Herrian», adierazi du Ullibarrik.
Bide horretan, Gernikako Itunarekin bat egin duten eragileen «jarrera ausarta eta eraikitzailea» eta antolakunde politiko berriaren legeztapenerako egindako lanaren garrantzia nabarmendu du. «Uste dugu herritar guztientzako mesedegarria dela abian den prozesuari ekarpen gisa, bakea eta demokrazia eraikitzeko urrats gisa, eskubide guztiak errespetatuak izango diren testuingurua eraikitzea. Horregatik egin du urratsa, eta horregatik jarraituko du urratsak egiten eta martxan jarririko ekinbide politikoan sakontzen».
Espainiako Estatuak ordea aurkako jarrera erakutsi duela salatu du ezker abertzaleak. «Euskal Herriko eragileek eginiko urratsak ikusita, estatuaren jarrera erabat oztopoak jartzea da», adierazi du. «Epe laburreko kalkulu politikoetan murgilduta» egotea eta «benetako eztabaida politikoari beldur» izatea leporatu dio Espainiako Gobernuari.
Norabide ezberdinak
Sorturen legeztatzeari dagokionez, bai estatua bai gobernua estrategia bateratua izaten ari direla berretsi du Espainiako fiskal nagusi Candido Conde-Pumpidok. Jakinarazi duenez, Estatuaren abokatuak Sorturen aurka Auzitegi Gorenean herenegun aurkeztutako txostenaren bide beretik joko du Fiskaltzaren inpugnazioak ere. Haren hitzetan, Sortuk «itxuraz» betetzen du legea, eta bere helburua ETA sostengatzea da. «Sortu ez da alderdi politikoa; ETA politikan sartzeko halabeharrez egindako saioa da, joko horretan sartzeko beste aukerarik ez dutela ikusita», esan du Conde-Pumpidok.
Estatuaren fiskal nagusiak nabarmendu duenez, estatuak «aukera guztiak» aprobetxatuko ditu ezker abertzalea maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan izan ez dadin. «Ziur naiz B eta C plan bat dutela, baina estatuaren segurtasun indarrek ere badituzte B eta C planak». Ezker abertzaleko kideak hartzen dituzten legezko alderdien zerrenden aurka egiteko prest azaldu da Conde-Pumpido.
Sorturen legeztatzearen kontra estatua agertzen ari den jarrera gogor kritikatu dute EAk eta EAJk. Estatuaren abokatuak herenegun aurkeztutako inpugnazioaren argumentuak hizpide, Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak adierazi du «oso ahulak» direla eta txostenak idatzi dituzten poliziek sinets ditzaketela soilik. «Adimenari irain egitea da gisa horretako txosten bat aurkeztea. Garai hauetan, non bake agertoki baten atarian egon gaitezkeen, maila eta zorroztasun gehiago behar dira».
EAren ustez, Estatuaren abokatuaren idazkiak agerian utzi du Sortu legez kanporatzeko argudiorik ez dagoela. «Gogorrak dira itxuraz, baina termino juridikoetan oso ahulak dira». Estatuaren abokatuak Sorturen legeztatzearen aurkako frogarik ez duela aurkeztu adierazi du, eta haren tesiaren muina norbanakoen eta polizien uste eta interpretazio ideologiko-politikoetan oinarrituta dagoela salatu du.
Era berean, Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du. Uste du Estatuaren abokatua eta Fiskaltza «erabiltzen» dituela PPri eta Espainiako iritzi publikoari aurre egiteko. «Prentsako tituluak bilatzen ditu, Sorturen aurkako argudio sendorik ez duelako».
Kale erasoak direla eta
Aurkeztutako argudioetan, Sortuk indarkeriaren inguruan agertu duen jarrera nabarmendu du Estatuaren abokatuak, jarrera hori «kosmetikoa, erretorikoa, instrumentala eta ez benetakoa» dela adieraziz.
Herenegun Gasteizen izaniko kale erasoen harira, Sorturen sustatzaileek eginiko gaitzespenak, baina, eragin du bestelako interpretaziorik. Jose Antonio Pastor PSE-EEren Legebiltzarreko bozeramaileak, adibidez, adierazpena txalotu egin du, nahiz eta haren irudiko nahikoa ez izan. «Pausotxo bat gehiago da. Ez da zehazki ezker abertzaleari eskatu zitzaiona, baina egia da pausotxo bat gehiago dela zuzenbide estatuak eta alderdi demokratiko guztiek eskatzen dutenaren bidean».
PPren presidente Antonio Basagoitirentzat, Sortuk kale erasoei emandako erantzuna «betikoa» izan da, «ezker abertzaleak saldu zigun Sorturekin kale borroka eta ETA amaitu zirela, eta ez da horrela izan».
Joseba Egibarrek, berriz, adierazpenak Sorturen estatutuetan jasota dauden printzipioekin «koherenteak» direla gogorarazi du.
Ildo politikoan sakontzen jarraituko duela adierazi du ezker abertzaleak
«Estatuaren erasoek» egoera politiko berria baldintzatzeko helburua dutela salatu du Iñaki Ullibarri ezker abertzaleko kideakEzker abertzalea bozetan egon ez dadin, «aukera guztiak» erabiliko ditu Fiskaltzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu