Maiatzaren 27ko hauteskundeen emaitzak eta ETAren su-etenaren hausturaren iragarpena ezaugarri nagusi dituen une politiko honetan gainerako indar guztiekin harremanak izateko prest agertu da Aralar."Aralarrek beti esan du prest dagoela mundu guztiarekin hitzegiteko, uste baitugu hitza dela gure arma nagusia. Hori dela eta, nahi duten indar politiko guztiekin jarriko gara harremanetan, baita PPrekin ere, nahiz eta desadostasun handiak ditugun", esan du Jon Abril koordinatzaileordeak ETB2ko El Punto saioan.
Harreman horien bidez, Espainiako auzitegiek erabakitako zerrenden baliogabetzeek sortutako arazoak konpondu nahi ditu, besteak beste, Aralarrek. Horretarako EAE-ANVrekin hitzegiteko eta akordioetara iristeko gertu agertu da Abril. "ANVrekin saiatuko gara gutxieneko akordioetara iristen elkarbizitza eta hautatuak izan diren pertsonak errespetatuak izan daitezen. Herriz herri saiatuko gara arazoa konpontzen, tokian-tokian desberdina baita ilegalizazioak sortutako egoera. Eskatuko duguna da hautetsi guztientzako errespetua, eta bereziki Aralarrekoentzakoa, askotan jomuga izan baitira".
Nolanahi ere, ANVrekin nonbaiten gobernu akordioren bat egitekotan baldintza zehatzagoak aipatu ditu Abrilek, hala nola, "pertsona, ideia eta proiektu guztientzako errespetua, bide politiko hutsen aldeko apustu garbia, indarkeria guztiak arbuiatzea, bai Estatuarena, bai ETArena".
Gipuzkoako Diputazioan gobernua eratzeko EB-Aralar koalizioa izan daiteke giltzetako bat, eta bide horretan Abrilek uste du gauzagarriagoa dela hirukoa (EAJ, EA, EB) eta Aralarren arteko akordio bat, PSE-EE, EA eta EB-Aralarren artekoa baino. Bigarren aukera horri Kataluniako eredua deitu izan zaio, eta hain justu PSE-EE eta PSC parekagarriak ez izatea da oztopo Abrilen iduriko halako hitzarmen bat egiteko.
Gobernu hitzarmena hirukoarekin egitekotan, berriz, azpiegitura handien inguruan dituzten desadostasunak izango direla zailtasun handiena agertu du.
Politika
Ilegalizazioari zein irtenbide eman ANVrekin herriz herri aztertzeko prest agertu da Aralar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu