«Ilusioa errepresioaren bidez ito nahi du estatuak», ezker abertzalearen arabera

Aro berria zapuztu nahi izatea egotzi die PSOEri eta PPri, baina «herri indarra» geldiezina dela ohartarazi die

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Estatua azkenaldian «indar erakustaldia» egiten ari dela argi du ezker abertzaleak. Hor kokatzen ditu Bateragune auzian epaitutakoen aurkako kartzela zigor gogorrak, «euskal gazteriaren aurka» egiten ari diren epaiketak, eta Sortu legeztatu dadin eragozteko Estatuko Fiskaltza egiten ari den ahalegina. «Estatuaren jarrera honek euskal jendartean frustrazioa sortzea du helburu», ohartarazi dute Niko Morenok eta Maribi Ugarteburuk, ezker abertzalearen izenean Tasio Erkizia eta Miren Legorbururekin batera egindako agerraldian.

Halako ekinbideekin Espainiako Estatuak «mezu bat» zabaldu nahi du, ezker abertzalearen ustez: «Euskal Herrian egiten dena egiten dela, euskal jendartearen borondateak beti egingo du talka estatuaren errepresioarekin, bai uniformedun polizia moduan, bai togadun epaile moduan».

«Ezker abertzalearen apustu politikoa baldintzatzeko helburua» ere ikusi du estatuaren jardunaren atzean. Horren adibide gisa aipatu ditu Bateragune auzia sortu zuen sarekada bera eta «militantzia independentistaren aurkako» gainontzeko sarekadak.

Horrez gain, «estatuak erabateko ahulezia ezkutatu» nahi izan du, Moreno eta Ugartebururen hitzetan. «Estatuak ez du eskaintza demokratikorik Euskal Herriarentzat, eta bere ahulezia indarkeria eta errepresioa erabilita ezkutatzen saiatzen da».

Sortu legeztatu ez dadin saioa «bereziki adierazgarria» da ezker abertzalearen ustez. Estatuak «gogortasun jarrera» mantendu nahi duela dio, Euskal Herrian irekitako aro politiko berriaren aurkako «boikot eta sabotaje saio» gisa. Eta, «izua» da horrek atzean gordetzen duena, Morenoren esanetan; «Espainiako Estatuak zein PSOEk eta PPk normalizazio politiko eta demokratikoko egoerari dioten izua». Hain zuzen, «ideia eta proiektuen konfrontazio askeko egoerari beldur itzela» izatea aurpegiratu die.

PSOE eta PP egin ditu egoera horren erantzule, eta, hartu duten jarrerarekin, Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko «arrakala» gero eta sakonagoa bihurtzen ari direla ohartarazi die.

Eusko Jaurlaritzari «bere errealitate birtualean» aritzea egotzi dio, eta Patxi Lopez lehendakariari «Euskal Herriko errealitate politiko eta sozialetik oso-oso urruti» egotea.

EAJrengana ere zuzendu da. «Bada garaia EAJk jarrera argitu eta Euskal Herrian irekitako aro berriarekiko konpromisoa erakuts dezan», esan dio Morenok. «Ezker abertzalea egiten ari den lana etengabe baldintzatzen saiatu beharrean, kuraia eta ausardia erakutsi behar luke, behingoagatik hitzak ekintza bihurtuta». Bide horretan, «alderdi interesen gainetik herri interesen alde» egiteko eskatu dio.

Izan ere, «herri gisa aurrera egiteko garaia» da ezker abertzalearen ustez. Estatuak «ilusioa errepresioaren bidez ito» nahi duela ohartarazi du, baina Euskal Herriak «bake eta demokrazia eraikitzeko hartu duen bidea» ezingo duela inolaz zapuztu. Hartarako, «itxikeriari eta errepresioari prozesu gehiagorekin eta herri gisa erantzunda» aurre egin behar zaiola esan du, eta ezker abertzaleak bide horretan segituko duela. «Inongo atxiloketa, epaiketa edota sententziak ez gaitu bidetik aterako».

Hori guztiori esan eta mobilizatzeko deia egin du. Zehazki, gaur iluntzean hiriburuetan eta larunbat arratsaldean Bilbon Epaiketarik ez. Zigorrik ez. Aterabide demokratikoak orain! lelopean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko eskatu du.

«Oztopoa», EAJren ustez

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentea ere mintzatu da Bateraguneri dagokion epaiari buruz, Euskadi Irratian. Zigor epaia «bidean jarritako oztopoa» dela uste du Urkulluk, baina bidetik ez aldentzeko eskatu dio ezker abertzaleari, «ETAren aurrean lidertzari eusteko».

Urkulluren iritziz, «bultzada politikoa» izan du epaiak, «baina ez PSOErena edo Espainiako Gobernuarena». Auzitegi Nazionalak «'dena da ETA' tesia babesten jarraitzen duela frogatu du epaiak», buruzagi jeltzalearen hitzetan, eta horrek penatu egin duela esan du. «Euskal gizartean dagoeneko inork ez edo oso jende gutxik sinesten du tesi hori».

Logroñora daramate Otegi

Berri agentziek jakinarazi dutenez, Arnaldo Otegi Soto del Real espetxetik atera dute, Logroñokora eramateko. Bidean beste espetxe batean geratu, eta «datozen egunetan» iritsiko da Logroñora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.