Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeetako irakasleek zabalik dute azken bi urteetan galdutako soldata berreskuratzeko bidea. Ikastolei eragiten dien erabaki hori kaleratu du Auzitegi Gorenak; 4.500 irakaslek eskubidea lukete soldata berreskuratzeko. Ordea, beste kontu bat da hala gertatuko den. Izan ere, Imanol Igeretegi Ikastolen Elkarteko zuzendariaren arabera, ez dute ahalmenik zorra kitatzeko: "Ezin diogu aurre egin langileei zor diegun diru kopuruari".
Itunpeko langileen soldatak %5 murriztu zituen Ikastolen Elkarteak 2010eko udazkenean, Eusko Jaurlaritzaren agindu baten ondorioz. Funtzio publikoko langileen soldatak jaitsi zituen Gasteizko gobernuak. Sindikatuek auzitara eraman zuten kasua, murrizketak legezkoak ez zirelakoan, eta Auzitegi Gorenak berretsi egin du EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia: ikastoletako langileek soldata berreskuratzeko eskubidea izango dute. Dena den, ez dago horretarako dirurik, eta trukean, Ikastolen Elkarteak lanpostuak bermatu dizkie.
Auzitegi Gorenaren sententziak jarraipena izango du datorren hilabetean, gainontzeko itunpeko ikastetxeen kasuekin (Kristau Eskola, Ikasbiltza...). Ezustekorik ezean, bide bera hartuko du Gorenak, eta 8.900 langileek soldata berreskuratu dezaketela ebatziko dute. Ikastoletako eta beste itunpeko ikastetxeetako langileak kontuan hartuta, 13.400 irakasleri eragiten die erabakiak.