Batzorde Eragile berrirako hautagaiak aurkezteko epea amaitu den egunean bertan argitu dira Eudeli buruzko gehienak. EAJk eta PSE-EEk, espero bezala, legegintzaldirako lortutako akordioa erakunde horretara ere hedatu dute, eta karguak adostu. Imanol Landa Getxoko alkatea izango da presidentea (EAJ), eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea (PSE-EE) eta Josune Irabien Amurrioko alkatea (EAJ) presidenteordeak. EH Bilduk ez beste alderdi guztiek izango dute ordezkaritza batzorde eragile berrian. EAJkoak hamar ordezkari izango dira, PSE-EEkoak hiru, PPkoa bat eta talde independenteetakoa beste bat.
Koldo Mediavilla EAJren EBBko Harreman Instituzionaletarako idazkariak adierazi duenez, lortutako akordioa «gatazka politikoa udal esparrutik ateratzeko borondate argiaren ondorioa izan da». EAJk «ahalegin guztiak» egin ei ditu EH Bilduk batzorde eragile «intregratzaile» horretan parte har zezan, «baina ez da posible izan». Izan dituzten hartuemanen balorazio «positiboa» egin dute, hala ere, jeltzaleek. Bi aldeak elkarrengana hurbildu direlako eta koalizioko kideen artean «etorkizun hurbilean» Eudelen lanak eta erantzukizunak partekatzeko «borondatea» ikusi dutelako. «Elkarrizketan eta denon parte hartzean sinesten dugu, eta atea zabalik izango dugu, EH Bildu akordio honetan sartu ahal izateko».
Eta egindako bila horien balorazio «baikorra» egin du EH Bilduk ere. Onartu arren badirela akordioa eragozten duten elementuak, koaliziotik diote badagoela aukera «ahalik eta eperik laburrenean» akordioa gauzatzeko, baina ez dutela «presarik», eta hilaren 16ko ezhoiko batzarrean ez dutela hautagairik aurkeztuko. «Dauden desadostasunak desblokeatzeko» aukera ikusten du EH Bilduk eta «erantzukizunez» ariko direla esan.
Lortutako akordioarekin pozarren Begoña Gil PSE-EEren Arlo Instituzionaleko idazkaria mintzatu da. Akordioaren «aniztasuna» nabarmendu du hark, eta alde guztiek «elkarlanerako» agertutako borondatea, «udalgintzarentzat horren erabakigarria den une honetan». Zentzu berean aritu da Nerea Llanos EAEko PPren idazkari nagusia. Eudelen egotea «garrantzitsua» dela esan du hark, erakunde horietan herritarrentzat garrantzitsuak diren gaiak jorratzen direlako. Argitu du asteartean bertan jaso zutela EAJren deia batzorde eragilean kide bat izatea proposatuz. «Presaka» egindako proposamena izan zela, baina baiezkoa eman zutela.
Presidentea eta presidenterodea kenduta, batzorde eragileko gainontzeko alkateak: Ibon Uribe Galdakaokoa (EAJ), Ager Izagirre Mungiakoa (EAJ), Josu Bergara Sestaokoa (EAJ), Mari Carmen Urbieta Leioakoa (EAJ), Nati Lopez de Muniain Burgelukoa (EAJ), Mikel Pagola Urnietakoa (EAJ), Ane Beitia Elgoibarkoa (EAJ), Aitor Aldasoro Besaingoa (EAJ), Mikel Torres Portugaletekoa (PSE-EE), Jose Javier Martinez Iruña Okakoa (PSE-EE), Broja Monje Mañuetakoa (PP) eta Jose Luis Navarro Abadiñokoa (independentea).
Eudel Euskal Udalen Elkarteak hilaren 16an egingo du ezohiko batzarra, Durangoko Landako Gunean (Bizkaia). Batzorde Eragileko kide berriak aukeratuko dituzte han. Erakunde hori gidatu, alderdi ezberdinen botere eta indar harremanak proportzioan banatu, eta erakunde horri dagokion egitekorik garrantzitsuenari ekitea dute jokoan: Udal Legeari.
1982an sortu zen Eudel, eta ez du sorreratik jeltzalea izan ez den beste presidenterik eduki.