Politika

Imaz: "Euskal gizarteak irtenbideak eskatzen ditu eta horretarako alderdiok baldintzarik gabe hitz egin behar dugu"

Euzko Alderdi Jeltzaleko EBBko presidente Josu Jon Imazek gaur Iruñean adierazi duenez, "euskal gizarteak irtenbideak eskatzen ditu eta horretarako alderdiok baldintzarik gabe hitz egin behar dugu". Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko buruak ETArekin amaitzea bere lehentasuneko bat dela adierazi du gaur, eta Imazek azpimarratu du "oinak lurrean eduki behar" direla, "ETA, zoritxarrez, oraindik bizirik dagoelako", baina "epe ertainean euskal gizarteak ETArekin amaituko" duela adierazi du.

2004ko otsailaren 16a
18:06
Entzun
Josu Jon Imaz EAJren EBBko lehendakaria Iruñean izan da gaur eta berak zuzentzen duen batzorde exekutiboko batzartu da hauteskunde programaz hitz egiteko. "Ez hitz egiteko, ez eztabaidatzeko eta ateak ixteko jarrera ulertezina da. Aznarrek eta PPk erakundeen arteko harremana saihesten aritu dira eta kasu askotan PSOEk jarraitu egin die", azpimarratu du Imazek. Hori dela eta, "aurkari politikoak errespetatzeko" eskatu du, "nahiz eta planteamenduetan bat egin ez".

"Euskal gizarteak ETArekin amaituko" duela esan du Imazek. "ETAren terrorismo krudelak ez dauka, ez du sekula izan, eta orain gutxiago, inolako zentzurik, sortzen duen bakarra mina da", esan du EBBko lehendakariak. "Gizarteak ETA desagertzeko oihu ozena" egiten duela nabarmendu du, eta gaineratu du "ezker abertzalean ere ETAk kaltea ekarri duela pentsatzen" dutela. "Batasunak ETAri eskatzen ez badio behin betirako desagertzeko, ezker abertzalea amildegira bidal dezake ETAk", zehaztu du.

PP eta PSOEri kritikak

Josu Jon Imazek PPko Mariano Raxoi eta PSOEko Jose Luis Rodriguez Zapatero "euskal auziari" buruz behin eta berriz berriketan aritzen direla kritikatu du. "Ez dut ulertzen zergatik egiten duten antzerkia, azken lau urteak kontu honi bueltaka aritu baitira", azpimarratu du, eta bi alderdiek hitzartutako "askatasunaren akordioa" ekarri du gogora, "euskal gizartearen gehiengoa kanpo uzteko akordio bat" dela esanez.

"Ez du onartuko behin eta berriz euskal auziaz hitz egitea euskal gizarteari bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea errespetatzen ez zaion bitartean", nabarmendu du Imazek, eta "EAJ berrikuntza demokratirako alternatiba" dela zehaztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.