Imazen joerakoek erabateko gehiengoa izango dute EBBn

Presidente berriak proposatutako sei hautagai izango dira zuzendaritza berriko kide, eta Joseba Egibarren aldeko bi baino ez dituzte aukeratu; Bizkaian Imazen zerrenda osoa eta Nafarroan ia osoa nagusitu ziren

Imanol Murua Uria.
DONOSTIA
2004ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
EAJren EBB berrian Josu Jon Imazen aldekoek erabateko gehiengoa izango dute: Batzar Nazionalak hautatuko dituen zortzi kideen artean, sei EBBko presidente berriak proposatutakoak izango dira, eta bi besterik ez Joseba Egibarren aldekoak.EBB berrian lekua ziurtaturik dute Josune Ariztondok, Jose Antonio Rubalkabak, Gemma Gonzalez Txabarrik, Manu Allendek, Jose Maria Zalbidegoitiak eta Joseba Aurrekoetxeak, denak Imazen joerakoak, Bizkaian eta Nafarroan atzoko lurralde batzarretan zortzi hautatuen artean izan zirenez, urtarrilaren 31ko batzar nazionalean gehiengo osoa lortua baitute. Egibarrek proposatutako zerrendako Gorka Agirrek eta Markel Olanok osatuko dute zortzikotea: atzo Nafarroan eta Gipuzkoan hautatuen artean izan ziren, eta datorren astean Arabako lurralde batzarrean gehiengoa lortzea espero da.Honenbestez, gaur egun EBBko kide diren bostek karguan jarraituko dute, hala nola Ariztondok, Rubalkabak, Zalbidegoitiak, Agirrek eta Olanok. Eta Imaz lehendakariaz gain, beste hiru berriak izango dira: Gonzalez Txabarri, Allende eta Aurrekoetxea.

Bizkaian, Imazen aldeko zerrenda osoa

EBBko zortzi kideak hilaren 31ko batzar nazionalean aukeratuko dituzte, gehiengo osoz. 71 konpromisariok parte hartuko dutenez bozketan, gutxienez 36ren babesa lortu behar dute hautagaiek. Batzar Nazionala Bizkaiko 24 kidek, Gipuzkoako 14k, Arabako 13k, Nafarroako 12k, Iparraldeko 4k eta atzerriko 4k osatzen dute. Atzo Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako lurralde batzarrak egin ziren eta, hilaren 15ean Araban egingo den lurralde batzarreko emaitzak zein izango diren jakina denez Egibarren zerrendak du gehiengoa, hautagai bakoitzak Batzar Nazionalean zer babes izango duen aurreikus daiteke dagoeneko.Bizkaian, atzoko bozketan, 124 uribatzarretako 214 ordezkarien gehiengoakImazek proposatutako hautagaiei eman zien babesa: lau hautagaik Ariztondo, Aurrekoetxea, Rubalkaba eta Arieta-Araunabeña aurreneko itzulian lortu zuten gehiengoa, eta beste laurek Bujanda, Allende, Zalbidegoitia eta Gonzalez Txabarri bigarren itzulian. Hauek guztiak, beraz, Bizkaiak Batzar Nazionalean izango dituen 24 konpromisarioen babesa izango zutenez, Hegoaldeko beste hiru lurraldeetako baten botoak izatea aski zuten hautatuak izateko.Nafarroan lortu zuten, haietako seik: 36 konpromisarioen babesarekin, bazuten gehiengo osoa. Gainera, Aurrekoetxeak ez beste bostek Iparraldeko lurralde batzarrean ere ostiral gaueko bozketan gehiengoa lortu zutenez, 40na botoren babesa izango dute Batzar Nazionalean.Gipuzkoako lurralde batzarrean, berriz, Egibarrek proposatutako zortzi hautagaiak nagusitu ziren 58 uribatzarretako 170 ordezkariek egindako bozketan. Bost hautagai Olano, Agirre, Juan Luis Laskurain, Xabier Goirigolzarri eta Eneko Goia aurreneko itzulian aukeratu zituzten, eta beste hiru Aitor Maruri, Elixabete Piñol eta Aitor Alzola bigarrenean. Zortzi hautagai hauek Gipuzkoako 14 konpromisarioen botoa izango dute honenbestez, eta baita ziurrenik Arabako 13 ordezkariena ere. 27 botorekin, Nafarroan ere hautatuen artean izatea behar zuten EBBko kide bihurtzeko: Agirrek eta Olanok baino ez zuten lortu. Iparraldean ere gehiengoa lortu zuten bi hauek ostiralean, eta beraz, 43 boto izango dituzte Batzar Nazionalean, beti ere Arabako konpromisarioen babesa dutela baieztatzen bada.

Nafarroako bozketa erabakigarria

Atzo arratsaldean Nafarroako lurralde batzarrean egindako bozketa erabat erabakigarria izan zen azkenean, alde batekoek zein bestekoek lurralde honetako konpromisarioekin baino ezin baitzuten osatu behar besteko gehiengoa: Nafarroan hautatuko ziren zortzi izenek osatuko zuten EBB berria, azken batean.Joan den abenduaren 18ko bozketen arabera jakina zen Imazen aldeko lauk Ariztondo, Rubalkaba, Allende, Gonzalez Txabarri eta Egibarren zerrendako bik Agirre eta Olano ziurtatua zutela gehien- goa. Eta argitzeko zeuden bi izenak Imazen aldekoak izan ziren azkenean: Aurrekoetxea eta Zalbidegoitia.Iparraldeko lurralde batzarrean ostiralean egin zuten bozketa: Imazen aldeko bost hautagai Ariztondo, Zalbidegoitia, Gonzalez Txabarri, Allende eta Rubalkaba eta Egibarren aldeko bi Agirre eta Olano aukeratu zituzten. Zortzigarren hautatua Xabier Agirre izan zen, ez Imazen ez Egibarren zerrendan agertzen ez dena. Lehenengo bozketan gehiengo osoa bost hautagaik lortu ostean, beste hiru bozketa egin behar izan zituzten zortzikotea osatzeko.Lehendakariaz eta batzar nazionalak aukeratuko dituen zortzi kideaz gain, bost lurraldetako lehendakariak ere badira EBBko kide. Gaur egun, Imazen joerakoak dira bi BBBko Iñigo Urkullu eta GBBko Juan Mari Juaristi eta Egibarren joerakoak beste bi ABBko Iñaki Gerenabarrena eta NBBko Jose Antonio Urbiola. IBBko buruak, Iñaki Ibarlozak, barne prozesuan ez du ez bataren ez bestearen alde jokatu. Martxotik aurrera berritu egingo dira lurraldetako bost zuzendaritzak.

-

Egutegia



Arabako lurralde batzarra: Urtarrilaren 15ean egingo da, EBBrako hautagaiak aukeratzeko.

EAJren VI. Batzar Orokorra: Urtarrilaren 17an eta 18an egingo da Bilbon. Josu Jon Imaz EBBko lehendakari izendatzeaz gain, hiru txosten eztabaidatu eta bozkatuko dituzte: txosten politikoa, Estatutuei buruzkoa eta Hezkuntzari buruzkoa.

Batzar Nazionala: Urtarrilaren 31n egingo da. EBBko zortzi kide ez ezik Berme eta Kontrol Batzordeko eta alderdiko Justizia Auzitegiko kideak aukeratuko dituzte.

Lurraldeetako zuzendaritzak: Bost lurralde zuzendaritzak berrituko dituzte martxotik aurrera. Bost presidenteak EBBko kide ere badira aldi berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.