Bizkaiko datuak osatzea falta zelarik, Egibarren zerrendako bik Markel Olano eta Gorka Agirre eta Imazen taldeko beste bik Josune Ariztondo eta Jose Antonio Rubalkaba EBBko kide bihurtzeko nahikoa babes ziurtatua zuten.Lauak, hain zuzen ere, gaur egungo EBBko partaide dira.Araban eta Gipuzkoan Egibarren zerrendakoak nagusitu ziren erabat. Nafarroan Imazen taldeko lauk eta Egibarren talde bik lortu zuten gehiengoa,baina beste bi karguetarako inork ez zuen gehiengo osorik lortu. Olanok eta Agirrek Gipuzkoan (14 konpromisario), Araban (13) eta Nafarroan (12) gehiengoaren babesa lortua zutenez, urtarrilaren 31ko Batzar Nazionalerako gehiengo osoa ziurtatua zuten (39 konpromisario, 71tik), Bizkaiko zortzi aukeratuen artean egon gabe ere (24 konpromisario).Ariztondok eta Rubalkabak Nafarroan gehiengo osoa lortu zuten(12 konpromisarioren babesa) eta, iturri jeltzaleen arabera Bizkaian aukeratuen artean izango zirela ziurra zenez, Batzar Nazionalean gehiengo osoa biltzeko moduan dira.
Lau izen argitzeke
Beste lau karguak nortzuk hartuko dituzten Bizkaiko zenbaketak argituko du, neurri handienean, eta Nafarroak, txikiagoan.
Egibarren zerrendako beste sei kideek gehiengoa lortu dute Araban eta Gipuzkoan. Honenbestez, hauetako edonork Bizkaiko zortzi aukeratuen artean izatea aski luke, EBBko kide bihurtzeko. Egibarren zerrendako bizkaitarrek lukete aukera handiena, hala nola Juan Luis Laskurainek (Bizkaiko Merkataritza Ganbarako zuzendari nagusia), Xabier Goirigolzarrik (Azti Institutuko burua), Aitor Marurik (Ondarroako alkatea) eta Elisabete Piñolek (legebiltzarkidea). Beste bi hautagaiak Eneko Goia gipuzkoarra (GBBko idazkaria) eta Aitor Alzola arabarra (ABBko kidea) dira.Imazen taldeko beste bik ere Gemma Gonzalez Txabarri legebiltzarkide gipuzkoarra eta Manu Allende arabarra aski lukete Bizkaian zortzi irabazleen artean izatea, Nafarroan gehiengo osoa lortu dutenen artean dira eta.Nafarroako konpromisarioek eragina izan dezakete, hala ere, azken hautaketetan. Gehiengo osoa sei hautagaik baino lortu ez dutenez, beste biak izendatzeko boto askatasuna izango dute Batzar Nazionalean Nafarroako 12 konpromisarioek, gainerako hautagaien artean boto gehien izan dituzten seien artean: Egibarren taldekoak dira bost eta Imazen taldeko bat, Jose Maria Zalbidegoitia (EBBko kidea, bizkaitarra).Egibarren taldeko guztiek konpromisario arabarren eta gipuzkoarren babesa izango dutenez (27), bederatzi konpromisario nafarren babesa aski lukete, bizkaitarren botoen beharrik gabe hautatuak izateko. Zalbidegoitiak, berriz, Bizkaian hautatuen artean egon beharko luke, nafarren babesa lortzeaz gain.Behin-behineko datu hauen arabera, EBBn sartzeko aukerarik gabe leudeke Josu Jon Imazen taldeko hiru hautagai: Mikel Arrieta-Aruanabeña Erandioko alkatea, Joseba Aurrekoetxea senadore bizkaitarra eta Jose Manuel Bujanda gipuzkoarra.
Lurraldetako lehendakariak
EBBko talde osoa lurralde batzordetako bost lehendakariekin osatuko da. Gaur egun, bi Egibarren joerakoak dira dira (NBBko Jose Antonio Urbiola eta ABBko Iñaki Gerenabarrena) eta hiru Imazen ildokoak (BBBko Iñigo Urkullu, GBBko Juan Mari Juaristi eta IBBko Iñaki Ibarloza).
Proportzioak alda daitezke, ordea, datorren martxotik aurrera bost buru batzarrak berritzen direnean, Gipuzkoan Egibarren ildokoek nagusi direla erakutsi baitute herenegungo bozketan, eta Nafarroan indarrak oso parekatuta baitaude, boto bakarraren gora-beheran nagusitu baitzen Imaz herenegun.Joseba Egibar EBBko kide izateko bide bakarra, hain zuzen, Gipuzkoako Buru Batzarreko lehendakari bihurtzea izango litzateke.Ordurako, EBBko bozeramailetza beste kide batek hartua izango du.
-
EBB-KO LEHENDAKARITZA
Bozetan Egibar nagusitu zen
Lurraldez lurralde konpromisario gehien Josu Jon Imazek lortu bazituen ere, boto kopuru handiagoa lortu zuen herenegun Joseba Egibarrek Euskal Herri osoan, ehunka botoren aldearekin.
Araban eta Gipuzkoan konpromisarioetan ez ezik botoetan ere Egibarrek irabazi zuen eta, EBBko gaur egungo bozeramailearen gertuko iturriek ziurtatu zutenez, Bizkaian ere boto gehiago izan ziren Egibarrentzat, baina hauteskunde sistemaren ondorioz, konpromisario gutxiago lortu zituen.Josu Jon Imaz Nafarroan, Ipar Euskal Herrian eta atzerriko hiru uribatzarretan nagusitu zen, bai botoetan eta bai konpromisarioetan.