Instituzioen immigrazio politikak eta etorkinen lan egoera uztartzeko joera dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek, hau da, lan egiten duten immigranteen egoera erregularizatzeko aukera hobeak emango lituzkete. Hori da Ikuspegik, Euskal Autonomia Erkidegoko Immigrazioaren Behatokiak, egindako ikerketa baten ondorio nagusietako bat. Hala, ikerketa hori egiteko inkestatu dituzten lagunetatik %45 lanean ari direnen egoera erregularizatzearen alde ageri dira; %16 etorkin guztien egoera erregularizatzearen alde daude; eta %10ek egoera arautuan ez daudenak EAEtik kanpora bidaliko lituzkete. Inkestatuen %17,5ek ez zioten erantzun galdera horri.
«Lanarekiko menpekotasuna egon daiteke; lanak segurtasuna dakar». Hitz horiekin laburbildu du Xabier Aierdi Ikuspegiko zuzendariak inkestan ondorioztatzen den jarrera. Ikuspegi hori bi jarreraren ondorio izan daitekeela deritzo. Alde batetik ikuspegi instrumentala egon daiteke, hau da, gizartean dauden premiak betetzeko baliabide modura ikus daitezke etorkinak. Bigarren ikuspegia «sakonago dagoen izu batekin» lotzen du Aierdik. Immigrazioaren errealitatearen berri ez izateak erantzunik gabeko galderak sortzen ditu -zertara datoz? Zenbat dira?-. Etorkinek lan egiten badute, «beldur txiki» horiek desagertzen dira, lanak pertsonari norberaren kontrola eskatzen diolako. «Atzerritar gehienek lan egiten dute, eta erregularizatuta daude, baina pertsona gehienek zailtasunak dituzte horretaz jabetzeko».
Oro har, EAEko bertako biztanleek atzerritarrekin duten harremana ondo ikusten dutela ondorioztatzen da ikerketan. Hala, bizitzeko beste leku bat aukeratu behar izanez gero, hirutik bik beste arraza edo talde etniko batzuetako zenbait pertsona bizi diren leku bat aukeratuko lukete. «Hori da gaur egun gehien gertatzen den egoera; praktikan, jendeak egun bizi den lekua aukeratu du, eta horrek esan nahi du ez duela horren txarto ikusten», azaldu du Aierdik.
Egunerokotasunari dagokionez, azken urtean bertako eta atzerriko biztanleen arteko harremanek ez dutela aldaketarik izan deritzote gehienek. Hiru lagunetik bik harremanek berdin jarraitzen dutela deritzote; %14k egoerak okerrera egin duela uste dute; eta %11k, berriz, hobera egin duela.
Integrazioa eta gertutasuna
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek zenbait alderditan oso jokabide irekiak dituzte immigrazioarekiko, baina beste batzuetan jarrera itxiagoak agerian gelditu dira Ikuspegiren ikerketan. Hala, etorkinek dendak eta jatetxe exotikoak irekitzea ontzat jotzen dute, baita beraientzako janari denda bereziak izatea ere. Atzerritarrek haien elizak edo ikastetxeak irekitzearen inguruan jarrera ezkorra dute, ordea. Atzerritarrek kaleko gune publikoak hartzea ere gaizki ikusten dute.
Etorkinen gizarteratzearen inguruan, EAEko biztanleek gertutasun kultural, politiko eta sozial handiagoa duten kolektiboak gizarteratuago daudela deritzote. «Enpatia dugun taldeak integratuagoak ikustera jotzen dugu», azaldu du Aierdik. Hala, Europako Batasuneko herrialdeetako eta gaztelaniaz hitz egiten duten herrialdeetakoak integratuago ikusteaz gain, begikoagoak dituzte EAEko herritarrek. Magrebeko, Ekialdeko Europako, Asiako eta Afrika beltzeko herritarren integrazioa eta haiekiko begikotasuna txikiagoa da.
Kultura arteko elkarbizitza eredurik ez da ageri Ikuspegik egindako ikerketan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek asimilazio eredu baten aldeko joera dute, hau da, etorkinei eskatzen diete ahalegin handiena egiteko gizarteratzeko orduan.
Azkenik, estereotipo zehatz batzuen errepikapena sumatu dute; segurtasunarena, kasu. Immigrazioak segurtasunean eragina duela uste du gizarteak, baina horrek ez du funtsik. «Irauten duen estereotipo bat da, kentzen oso zaila dena; egungo delinkuentzia tasa duela hamar urtekoa da».
Immigrazio politika eta lana lotzen dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek
Immigrazioarekiko jarrera anbibalentea du gizarteak, Ikuspegi Immigrazioaren Behatokiaren ustez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu