Immigrazio legeak ezin direla soilik asimilazioa lortzeko izan iritzi dio Bartzelonako Pompeu i Fabra Unibertsitateko Soziologia eta Politika Zientzietako irakasle Mihaela Vanceak. «Ezinbestekoa da etorkinek beren sorterriekin harremana izaten jarraitzea, eta herrialde horien egoera hobetzen laguntzea, behar izanez gero». Harresiak Apurtuz taldeak antolatutako jardunaldietan izan da Vancea asteburuan, Getxon (Bizkaia).
Zer da transnazionalismoa?
Etorkinek beren sorterriari begira egiten dituzten jarduerak eta eginkizunak dira: politikoak, sozilak, ekonomikoak, kulturalak... Nik transnizionalismo politikoan jarri nahi dut arreta. Hau da, etorkinek nola jarduten eta eragiten duten beren sorterriko politikan.
Etorkinetako batzuek sorterritik arrazoi politikoengatik alde egiten dutela kontuan hartuta, jardun hori ez da erraza izango, ezta?
Ez. Dituzten eskubide politikoen araberakoa da hori, baita beren sorterriak duen interesaren arabera ere. Izan ere, dituzten helburuetatik harago, gobernu batzuk atzerrian bizi diren beren herritarren parte-hartze politikoa sustatzeko ekimenak bultzatzen ari dira. Beste batzuei, berriz, kontrakoa interesatzen zaie. Hori dela eta, parte-hartze hori zailtzen edo oztopatzen dute. Hala ere, garbi dago oso parte-hartze garrantzitsua dela, eta asko egin dezaketela. Baina oraindik ere oso gutxi aztertu eta garatu da.
Nola lortzen da jardun edo parte-hartze hori?
Gehienetan, giza eskubideen eta etorkinen elkarteen bidez egiten da. Kasu askotan hango ekintzaile politikoak ekartzen dituzte, etorkinekin hitz egin eta haien parte-hartzea bultzatzeko. Batez ere hauteskunde garaietan izaten da hori, eta helburua da etorkinek botoa ematea, besteak beste. Eskubide hori gauzatzea. Baina, horrekin batera, kontuan izan behar da etorkin horien sorterrietako batzuk diktadura egoeran daudela. Beraz, emigratu dutenherrialdeetatik egoera hori gainditzen laguntzea da jardun horren beste helburuetako bat. Azken batean, mobilizazio politikoa bultzatu nahi dute. Komunikatzeko teknologia, sare eta sistema berriek asko errazten dute hori, eta aprobetxatu egin behar dira.
Zein iritzi duzu egungo immigrazio politiken inguruan?
Oraindik ere migrazio politikak alde bakarrekoak dira. Hau da, iristen diren herrialdean etorkinak nola integratu begiratzen diote, asmilazioari. Baina migrazioa askoz ere fenomeno dinamikoagoa eta zabalagoa da. Beraz, immigrazio politikek ezin dute alde bakarrekoak izaten jarraitu, eta helburu gehiago izan behar dituzte. Besteen artean, lortu behar da beren jaioterriarekin lotura izaten jarraitzea; transnazionalismoa bultzatzea. Izan ere, bizi diren herrialdetik beren sorterria aberasten jarraitu nahi dute. Gainera, herrialdean gaur egun gero eta gehiago nagusitzen ari den kultur aniztasunera ohitu behar dute. Horretarako, gizartea sentsibilazitu behar da. Baina batez ere haien jatorrizko herrialdeen egoera hobetzen lagundu behar da. Izan ere, gehienek behartuta alde egiten dute, eta haien sorterriko egoera hobetuko balitz, hara itzuliko lirateke.
Egungo politikekin ez al dira gero eta gehiago murrizten ari etorkinen eskubideak?
Bai, eta are gehiago egungo krisi ekomikoa kontuan hartuta. Gobernu ugarik etorkinen joan-etorrietatik babesteko erabili izan dituzte aipatutako politika horiek. Baina benetan aztertu beharko litzate zergatik emigratu duten etorkin horiek. Behin hori jakinda, politikak zehaztu beharko lirateke.
Nola ari zaie eragiten krisia etorkinei?
Inori baino gehiago eragiten die. Asko beren sorterrira itzultzen ari dira, hemen ez baitute lanik aurkitzen. Dena den, bertakoak baino askoz errazago moldatzen dira egoerara. Izan ere, goi mailako ikasketak eduki arren, edozein lan egiteko prest daude. Haurrak eta adinekoak zaintzen ari direnak ikustea besterik ez dago. Askok goi mailako ikasketak dituzte, baina halako lanetan ari dira beharrean.
Zer iruditzen zaizu Frantzian gertatzen ari dena?
Frantziako Gobernuak hartutako neurriak erabat arrazistak dira. Etnia bati jazartzea izan dute helburu: ijitoena. Baina are kezkagarriagoa izan da Europako Batasunaren jokabidea. Ez du ezer egin horri aurre egiteko.
«Immigrazio politikek ezin dute alde bakarrekoak izaten jarraitu»
Etorkinek beren sorterriko egunerokoan uste baino garrantzi handiagoa izan dezaketela esan du Mihaela Vance irakasleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu