Hego Euskal Herrian bizi eta baimen barik beharrean dabiltzan 44.000 atzerritar inguru legez kanpo gera daitezke datorren astean, maiatzaren 6an, Espainiako Gobernuak etorkinen egoera arautzeko egin duen ezohiko prozesua amaitzen denean. Espainiako Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak emandako datuen arabera, hilaren 28ra arte 15.889 eskaera besterik ez zuten onartu, eta agirien premian diren langile atzerritarrak 58.000 inguru dira.
Ostiralean amaituko den prozedura otsailaren 7an hasi zen. Europako Batasunetik kanpo etorri eta euren egoera arautu gabe zeukaten langile atzerritarrek hiru hilabete izan dituzte paperak egiteko. Ipini zitzaizkien baldintzak, honako hauek: 2004ko abuztuaren 7a baino arinago Udalaren erroldan agertu behar ziren, eta gutxienez sei hilabeteko lan kontratu bat sinatuta eduki behar zuten. Azken orduan, epea amaitzeko aste bi baino falta ez zirenean, agintariek errolda agiria eskuratzeko baldintzak aldatu zituzten, eta Udalei zortzi hilabeteko egonaldia frogatzeko bestelako zenbait agiri onartzeko agindu zieten.Baldintza horiekin euren egoera legeztatzeko eskaera egin ahal izan duten langile atzerritarrak gutxienak izan dira. Datuak oso adierazgarriak dira: urtarrilean Espainiaz kanpoko 112.314 atzerritar ageri ziren Hego Euskal Herriko udalerrietako erroldetan. Horri beldurragatik edo dena delakoagatik erroldan izena ematerik izan ez dutenak gehitu behar zaizkio. Gobernuak berak egindako kontuak aintzakotzat hartuta, SOS Arrazakeriak jakinarazi du horietatik 58.000 herritar zirela gutxi gorabehera bizi eta lan egiteko baimen barik zeudenak.
Geroa, ilun
Eskaera onartu izanak ez du esan nahi, bestalde, eskaera onartu zaien guztiei bizi eta lan egiteko baimena emango zaienik. Eskatutako agiri guztiak aurkeztu ostean, atzerritarrari lana emango dion enpresaburuak hilabete dauka langilea Gizarte Segurantzan sartzeko. Egin ezean, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak atzera botako die eskaera.
Etorkinen egoera arautzeko ezohiko prozedura honek ezinegona eta haserrea eragin du langile atzerritarren eta eurak laguntzen dabiltzan elkarteen artean. Erroldaren inguruko azken aldaketak ikusita, gainera, SOS Arrazakeriak maiatzaren 6an ahituko den epea luzatzeko eskatu die Espainiako agintariei.Elkarteak, dena den, oso kritika zorrotzak egin dizkio ez bakarrik ezohiko prozedura honi, baita horren atzean dagoen Atzerritarren Legeari ere. SOS Arrazakeriako kideen ustez, prozesu honek «hutsune eta oztopo gehiegi» zituen hasiera-hasieratik. Sakoneko arazoa estaltzeko «adabaki merkea» besterik ez dela izan ohartarazi dute.
Lege «errepresiboena»
Gogora ekarri dute, prozesuaren oinarrian PPk 2003. urtean onartutako Atzerritarren Legea dagoela, «1985. urteaz geroztik egin diren legeetatik jasangaitzena eta errepresiboena», beren ustez. Sasoi hartan Espainiako Kongresuan oposizioan zen PSOE, eta baietza eman zion legeari, eta, SOS Arrazakeriakoek nabarmendu duten bezala, arau hori da orain erabiltzen dena etorkinen bizi eta lan baldintzak arautzeko.
Legea «errotik» aldatzen ez den bitartean ez dagoela zer eginik uste dute. Eta Espainiako Gobernuak immigrazio gaietan aldaketak egiteko «inolako asmorik ez» daukanez «adabakiak jartzen» dabilela: «Etorkinak legez etortzeko aukerak murrizten jarraituko dute; eta, hala edo hola, etortzea lortu dutenei ez diete euren egoera araupetzen utziko».
Ezohiko prozedura hau ikusita, SOS Arrazakeriakoentzat argi geratu da etorkinak «merkantziatzat» dauzkatela agintariek. Iritzi berekoa da Mertxe Gomez LAB sindikatuko ordezkaria. Haren iritziz, eskaera kopuruek «egiaztatu» egin du prozedurarekin hasi zirenean salatutakoa: «Erroldarekin izango ziren zailtasunak iragarri genituen, eta arrazoia eman digute, baina berandu; 15 egunean izapide guztiak egitea ezinezkoa da». Eskaera egitea lortu duen etorkin kopuruari buruz ere ezkor mintzo da Gomez. Argi utzi du horrek guztiak ez duela balio izango irregularki ezkutatuta dagoen enplegua agerian uzteko: «Gobernuak ugazaben atzaparretan utzi ditu kanpoko langileak, eta edozer onartzeko prest egon dira kontratuaren truke».
LABekoak azaldu duenez, kontratua lortu duten askok, emakumeek batez ere, «euren poltsikotik» ordaindu beharko dute Gizarte Segurantza.
IMMIGRAZIOA. 44.000 atzerritar legez kanpo geratuko dira Hego Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu