Immigrazioaren inguruko gogoeta abiatu du Gipuzkoak eragile ugarirekin

Etorkinei eragiten dieten erabakietan hainbat gizarte eragilek parte hartzea sustatu nahi du diputazioak

Marcos Nanclares, bileran izan ziren gizarte eragileetako ordezkariei azalpenak ematen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Donostia
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Migrazio eta elkarbizitzari buruzko gogoeta sustatzeko asmoz, «gizarte eragile ugariz osatutako erabaki gune bat» sortzeko urratsa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Diputazioko Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritza 50 bat gizarte eragilerekin elkartu zen atzo arratsaldean. Sektore anitzeko eragileak izan ziren batzarrean; besteak beste, parte hartu zuten ELA, LAB eta CCOO sindikatuek, euskalgintzako Eusko Ikaskuntzak, AEK-k, Euskal Herrian Euskarazek eta Kontseiluak, Eusko Islamiar Kontseiluak, Caritasek, Unesco Etxeak, Anitzak elkarteak eta Plataforma Palestinarrak.

Jatorri anitz, herri bat izenburua jarri zion batzarrari diputazioak. Aurreneko bilera izan zen atzokoa, eta, aldundiaren arabera, bi helburu zituen: diputazioak immigrazio arloan dituen lan ildoen eta xedeen berri ematea, eta gizarte eragileek gai horretan izan beharreko parte hartzearen oinarria jartzea. Nolanahi ere, gogoetatikharago joan eta, aurrerago, atzo sortutako batzordeak erabakiak hartzea nahi du diputazioak, Migrazio eta Aniztasun zuzendari Marcos Nanclaresen esanetan. Eragileen erabakia aldundiak bere egingo lukeela erantsi du.

Adierazi duenez, diputazioarena da ekimena, baina gainontzeko eragileen pare egongo da erakunde publikoa: «Ez diogu muzin egingo erabakiak hartzeko eginkizunari. Baina honako hau gipuzkoarron dinamika izango da». Aldundiak bakarrik ez: Espainiak ere eragileek erabakitakoa errespetatzea nahi du Nanclaresek: «Euskal Herriak, gaur egun, ezin du erabaki migrazio, aniztasun eta naziotasun politikez; ukatu egiten zaigu eskubide hori». Migrazio zuzendariaren iritziz, eskubide guztiak bermatuak izan behar dituzte euskal herritarrek, «edozein dela ere haien jatorria edo jaioterria». Atzoko batzarra bide horretan emandako estreinako pausoa dela gaineratu du.

Aitzindaritzat jo du egitasmoa Nanclaresek, uste baitu horrelakorik ez dela inoiz egin Euskal Herrian: «Denok izango gara protagonista dinamika honetan, eta denok hartu ahal izango ditugu erabakiak, herri ikuspegiz».

Martxetara joateko deia

ELAk gaitzetsi egin du «arrazakeria instituzionala», Atzerritarren Legeari eta lan erreformari erreferentzia eginez. Espainian hartutako neurri horiek Euskal Herriko etorkin askorengan «eragin larria» dutela adierazi du sindikatuak. Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza ere kritikatu ditu: bata, gizarteratzeko errenta murriztu duelako; bestea, diru sarrerak bermatzeko lege txar bat egin duelakoan. Gainera, gaur Bilbon, bihar Iruñean eta etzi Donostian arrazakeriaren aurka egingo dituzten manifestazioekin bat egitera deitu du ELAk, «adierazpen arrazista oro arbuiatzearekin batera arrazakeria instituzionalaren politikak errotik alda daitezela» galdegiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.