«Immobilismoa» alde batera uzteko eskatu die Eleak-ek PSOEri eta PPri

Norabide «egokian aurrera» egiteko «urrats zehatzak» egin behar direla azaldu du Eleak mugimenduak

Milaka pertsona bildu ziren Perla eta Okendo arteko ibilbidean zehar. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Joxean Agirre eskubide zibil eta politikoen aldeko Eleak mugimenduaren bozeramaileak adierazi du PSOE eta PPk «hanka sartu» dutela «beste behin ere»; izan ere, bere iritziz, «beren immobilismoagatik kale egiten dute etengabe». Horrez gain, «urduri» daudela ere azaldu du mugimenduaren bozeramaileak, eta «soilik» baretzen direla «zerbait debekatu, baldintzatu, traba egin edo mugatzendutenean». Baina «aurrerantzean beste jarrera bat» izateko eskatu die, «konponbidearen giltzarri baitira».

Bestalde, Agirrek azaldu du «eskubide guztiak guztiontzat» izatean dagoela «gakoa» eta «erronka». Eleak-en ustez, «gatazka gainditzeko ahalegina eraginkorra izan dadin, euskal herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko aurrerapen zehatzak sustatu behar dira».

Hori dela eta, «salaketa hutsean» ez geratzeko eskatu du, «urratu diren eskubideak aletzea oso garrantzitsua izanik, marko demokratiko bat errotze aldera gauzak egitea, eta herri harresi bat eraikitzea funtsezkoa delako oraingo honetan».

«Norabide egokian aurrera egiteko eta Euskal Herrian marko demokratikoa gauzatzeko eragile politiko eta sozial guztiek urrats zehatzak egin behar dituzte». Horixe adierazi du Agirrek, eta hori posible izateko, «euskal gizartea artifizialki tenkatzeko asmoak alde batera utzi» behar direla gaineratu du: «Aurkaria iraintzeko, titularra bilatzeko agurra ukatzeko, edo legeak edo haizeak agintzen duen bezala mastiletako banderak airean ote dauden zaintzeko politika arduragabea alde batera utzi behar da».

«Sendotzeko» urratsak

Agirreren ustez, «ezinbestekoa da errepresioaren eta ilegalizazioaren garaia lehenbailen gainditzea». Hori dela-eta, «debeku, atxiloketa, tortura, epaiketa politiko eta euroagindu gehiago» ez egoteko eskatu du Eleak-ek. Baina honako eskaera hauek ere egin dituzte: «Sortuk legala izan behar du, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hori bera berretsi behar du bizkor eta argi; eta Euskal Herriko edozein antolakunde politiko edo sozialeko kide izateagatik pertsonak auzibidean jartzeko mekanismoak indargabetu behar dira».

Eleak mugimenduaren esanetan, «urrats horiek eta beste askok abian dagoen prozesua sendotu eta atzeraezin bihurtu behar dute, alde guztiek indarkeria betiko alboratuz, eta herritarren borondatea errespetatzeko konpromisoak publikoki hartuz».

Bestalde, Agirrek esan du«salbuespenik gabe, aurkari politikoari begiratzeko eta kontuan hartzeko modua elkarrenganako errepestuan mantendu» behar dela, «nahiz eta hamarkadetan gatazkaren erdigunearen ondorioz gainditu beharreko etsaia izan berau».

«Inoiz ez bada egon demokraziaren aurkako gehiegikeriak arrazoitzeko arrazoirik, garai politiko berriaren markoan horiek ez dute zentzurik», esan du bozeramaileak; eta «urratsen eta konpromiso multilateralen segida batek finkatu behar du martxan dagoen prozesua, eta atzera bueltarik gabekoa bihurtu, alde guztien indarkeriaren erabilerari uko eginez bereziki eta betiko».

Biktimak eta memoria

Eleak bozeramailearen ustezz, azken egunetan «momentu oro» biktimen inguruan hitz egiten da, eta «merezi eta piztu behar duten errespetuaz». Gainera, Juan Mari JauregiFernando Mujikaren omenezko oroitarrien aurkako erasoak gaitzetsi ditu Eleak-ek, eta hau adierazi dute: «Ez da onargarria indarkeriaren biktimen memoria erasotzea era horretan; baina gaitzespen horrek ez du onartzen bikoizkeriarik eta aurrez pentsatutako ahazturarik».

Gaineratu dute, «hori gertatzen zen bitartean, Bilduko alkateei heriotza mehatxuak egin dizkietela, Etxerat-en Gasteizko egoitzan lapurreta egin dutela, eta beste ikur eta oroitarri askori eraso dietela». Horren harira, hainbat adibide jarri ditu Agirrek; hala nola, «Poliziak hildako» Oskar Ariztoi, Iñaki Kijera, Jesus Garcia Ripalda, Mikel Kastresana, Jose Luis Aristizabal, eta Isidro Susperregiren hilketena.

Hori dela-eta, esan du «pertsona horiek gogoratzeak» ez duela esan nahi «beste hilketa eta sufrimendu batzuk» ahazten dituztenik: «Biktimen gaia zorroztasun eta errespetuz lantzeko beharra bakarrik azpimarratzen dugu. Izan ere, herri honen memoria kolektiboaren eskubidea eta etorkizuneko elkarbizitza ez dira igarotzen estatu indarkeriak utzitako ehunka hildako eta milaka zigordunen aurkako ahaztura, bazterketak, eta irainetatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.