Bilbon, Casillatik abiatuko da manifestazioa, 17:00etan. Pankarta eusten egongo dira, besteak beste, Rosa Rodero ETAk hil zuen Joseba Goikoetxea ertzainaren alarguna, Iñaki Lasagabaster EHUko katedraduna, Fermin Muguruza musikaria, Juan Mari Olano preso ohia, Gemma Zabaleta PSE-EEko buruzagi izandakoa eta Inaxio Kortabarria futbolari ohia. Manifestazioa bukatzean, Bilboko udaletxean Zuriñe Hidalgo musikariak eta Xabier Euzkitze kazetariak hartuko dute hitza, zenbait musika taldek eta kirolarik lagunduta. Ideologikoki oso ezberdinak diren pertsonek babestu dute Giza Eskubideen defentsaren eta bizikidetzaren aldeko mobilizazioa.
"Zubiak eraikitzeko apustua" egina duela-eta hartu du Roderok manifestazioan parte hartzeko erabakia. BERRIAk eginiko elkarrizketan, gogorarazi du lau urte igaro direla ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri zuenetik, eta uste du "pausoak emateko garaia" dela.
Lapurdiko hiriburuan ere aniztasun handiko itxura emango du manifestazioaren buruak. Kolore politiko ugaritako hautetsiak, eragileak, preso ohiak eta iheslariak izango dira pankartari heltzen, besteak beste. 200 atxikimendu baino gehiago jaso dituzte. Baionako manifestazioa Laugan hasi eta Xaho kaian bukatuko da, Bilbokoaren ordu berean. Ekitaldiak bateratuak izango dira. Mirentxin Gidarietako bi furgonetak eta presoen senideek irekiko diote bidea manifestazioari. Bagoaz-ek eskatu du pankarta nagusiaz gain bestelako banderolarik ez eramateko, "batasuna irudikatzeko".
"Manifestazioen helburu nagusia da euskal gizarteari oroitaraztea gatazka konpondu gabe dagoela oraindik eta gizartearen inplikazioa beharrezkoa dela konponbidea lortzeko". Horrela mintzatu zitzaion Joseba Azkarraga Sare plataformako bozeramailea BERRIAri. Baiona nahiz Bilbokorako, atxikimendu ugari bildu dituzte Sarek eta Bagoaz-ek. Horien artean daude ELA, LAB, CCOO, ESK, CNT, Steilas, CDDHPB eta Euskal Herriko abokatuen sindikatuak, EH Bildu eta EH Bai koalizioak, Komite Internazionalistak, Euskal Herriko Bilgune Feministak, Etxerat elkarteak, Frantziako Giza Eskubideen Ligak, Kristau Elkarte Herritarrak, Herria 2000 Elizak, Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak...
Norbanako ugarik ere babestu dituzte martxak: hamasei pertsona ezagunek dei egin zuten mobilizazioekin bat egitera, eta beste horrenbeste egin zuten kulturgintzako hainbat kidek. Ofizialki bat egin ez, baina joateko baimena eman diete beren kideei Ahal Dugu-k eta EAJk. Eusko Jaurlaritzak, berriz, azaldu du ez dela gobernuko ordezkaririk joango, nahiz eta manifestazioko eskaera eta Lakuak proposatzen duena gertu dauden.
Dirua eta debeku eskaerak
Sarek "esanguratsu" diren bost pertsonaren esku utziko du larunbateko manifestazioko diru bilketaren kudeaketa. Hori egingo dute Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak, Nazario Oleaga eta Juan Mari Bidarte Bizkaiko Abokatuen Elkarteko lehendakari ohiek, eta Juan Daniel Barandiaran eta Felix Cañada abokatuek. Manifestazioan bildutako dirua banketxera iritsi arte eta manifestazioa posible egin duten enpresei ordaindu arte bost pertsona horiek izango dira arduradunak.
Izan ere, iazko manifestazioan bildutako dirua Guardia Zibilak eraman zuen, Mate operazioan hamasei lagun atxilotu eta LAB sindikatuaren egoitzan zegoen dirua eramanda. Iazkoa ez zen izan presoen eskubideen aldeko urteroko hitzorduak izandako eraso bakarra; 2014an, manifestazioa debekatu zuen Auzitegi Nazionalak, eta martxaren bezperan hainbat eragilek deitutako martxa egin zuten azkenik. Aurten ere APAVT Terrorismoaren Biktimak Babesteko Elkarteak Auzitegi Nazionalari eskatu dio debeka dezala Bilboko martxa.