Iñaki Bengoa espetxeratu egin du epaileak, autobusa sutzea egotzita

«Izaera terroristadun delituak» egiteagatik bidali du espetxera, behin-behinean, eta epaiketa egin zain

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxera bidali du Iñaki Bengoa, herenegun Busturian atxilotutako gaztea. 2002ko otsailaren 10ean Bilboko Buia auzoan autobus bat sutzen parte hartu zuela uste du epaileak, eta «terrorismo ezaugarriak dituzten kalteak» eragitea leporatu dio.

Epailearen ustez, Bengoak, Aitor Fernandezekin eta Unai Mallabia eta Naiara Mallabiarekin batera, moto bat lurrean utzi zuen istripu baten itxura egiteko, eta autobusa gelditu zenean barruan zegoen jendea atera, eta su eman zioten. Aurreneko hirurak eraso horretan parte hartzeagatik epaituta eta preso daude dagoeneko, zazpi urte eta bederatzi hilabeteko zigorrarekin. Bengoa herenegun atxilotu zuten, eta oraindik epaitzeko dago. Hain justu, behin-behinean sartu du preso epaileak, epaiketa egin bitarte. Espainiako legediaren arabera, lau urtez eduki dezakete egoera horretan preso.

Ertzaintzak jasotako froga genetiko berriek Bengoak autobusa erretzen parte hartu zuela frogatzen dutela dio epailearen autoak. Efe berri agentziak zabaldu duenez, Bengoak erretako zigarro baten hondakinetik atera zuen Ertzaintzak haren DNA. Hark erre ostean lurrera botatako zigarrokina jaso eta aztertu egin zutela diote.

Bengoa Bilbokoa da izatez, Indautxu auzokoa, baina duela hiru urtetik Busturian bizi da. Han atxilotu zuten, eta herri hartan daukan etxea miatu zuen Ertzaintzak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.