Duela 30 egun abiatutako gose greba amaitu du Iñaki Bilbao euskal presoak, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AEM) jakinarazi duenez. Azaldu duenez, horren berri eman die Bilbaok berak bere hurkoei, telefono bidez. “Fisikoki ahul badago ere psikologikoki indartsu sentitzen dela esan du”.
Bilbao Puerto IIIko kartzelan (Cadiz, Espainia) dago preso. Duela hilabete inguru, “lehenengo graduaren lehenengo fasea” ezarri zion espetxe hartako zuzendaritzak, “ezar daitekeen bizi baldintzarik gogor eta murriztaileena”, AEMren arabera. “Txikitok [Bilbaok] egunean 22 ordu pasatu ditu ziegan eta patio txiki batean onartutako bi orduak bakarrik, ala gehienez jota beste preso batekin”. AEMk salatu duenez, denbora horretan, halaber, Bilbaori debekatu egin diote bere senide batekin eta beste hiru hurkorekin komunikatzea, “telefonoz, gutun bidez zein bisitetan”.
Bilbaok 33 urte daramatza kartzelan, "haietako gehienak isolamendu galeriatan eta azken hamarrak, zehazki, Puerto III-koetan”.
“Bere militantziaz ez arnegatzeagatik zigortzen ari dira, hau da, independentzia eta sozialismoaren aldeko apustua egiten jarraitzen duelako. Eta bere militantzia zigortzeko gehien estutu dutenean ekin dio Iñakik [Bilbaok] independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokaldi honi”, azaldu du AEMk.