Alderdi Popularreko idazkari nagusi Iñaki Oiarzabalek azaldu du gaur EAJrekin duen bilerara ekarpenak egin eta parte hartzera joango dela. «Izpiritu eratzailearekin, eskuak zabalik eta akordioak egiteko prest» azaldu da popularra, «akordio handiak» lortzeko garaia dela argudiatuz. Horrez gain, beste alderdien arteko harremanetan PPk lagundu dezakeela uste du, baita «erradikalek Euskadiko politika baldintzatzea» saihestu dezakeela ere.
Egungo egoera ekonomikoa «oso zaila» dela iruditzen zaio, eta krisiak familia askori eragingo diela jakitun, «Euskadin akordio handiak lortzeko unea» dela uste du. Horregatik, Alderdi Popularra «entzutera soilik» joan beharrean, «hainbat ekarpen egitera, eta ahal duen neurrian kolaboratzera» joango dela azaldu du idazkari nagusiak; bi alderdiek iritzi bera duten gaia aurkitu eta «blokez beteriko etapa» saihesteko asmoa du. Egoera kontuan izanik, «politikeria alde batera uzteko» unea dela uste du Oiarzabalek, eta baita «datozen urteetako Euskadi berria zehaztekoa ere». Horrez gain, ohartarazi du krisitik irteteko neurriak martxan jarri behar direla ahal bezain laster.
«PPk proposamen asko aurkeztu ditzake krisitik irteteko, baina baita elkarbizitza eratzeko garaian ere». EAJri eskatu nahi dio ez uzteko «erradikalei Euskadin» politika baldintzatzen, horren ordez «etorkizuna guztiek eraikitzeko»: «Jeltzaleek azaldu dute eurak bakarrik agintzeko asmoa dutela, baina, gutxiengoan daudenez, akordioak egin beharko dituzte».
EAJk izango duen jarreraren inguruan, adierazi du espero duela alderdiak «etapa berri honetan zer egingo duen eta hori nola egingo duen» azalduko diela, «hemendik aurrera zein bide hartu nahi duen zehazteko». EAJko kideak «argiak» izaten badira eurak ere «zintzotasunez» erantzungo dietela jakinarazi du.
EAJk ezarritako mugarriak —krisiaren aurkako borroka, bakegintza eta politikaren eta autogobernuaren normalizazioa—«beharrezkoak» direla azpimarratu du PPko idazkari nagusiak. Horien inguruan ere PPk protagonismoa izan lezakeela pentsatzen du. «Bakea indartu eta zigorgabetasunik gabe justiziaren bitartez terrorismoaren amaieradefenda daitezkeela uste dut».
Estatutuaren defentsa
Oiarzabalek adierazi du EAJk «bide erradikala hartzea, Espainiatik banatzearen alde azaltzea, huts larria» litzatekeela: «Ikusi zer gertatzen ari den Katalunian, huts bat izango litzatekeela uste dut, ekonomiaren egoera okertuko luke, eta Bilduren eskuetan geratzera behartuko lituzke jeltzaleak».
Alderdi Popularrak EAJri «zentzudun, oreka batekin etamoderazioz» aritzen lagunduko diola jakinarazi du idazkari nagusiak. «Saiatuko gara EAJri erakusten elkarbizitzaren esparruak, gure Estatutua eta gure autogobernua, indartzea askoz hobea dela, guztiok parte hartuko dugun Euskadi bat eratzeko, guztiok gustura gaudena, etaez batzuk besteen aurka gaudena».
Iñaki Oiarzabal: «PP ekarpenak egitera joango da bilerara»
PPko idazkari nagusiak espero du EAJk etapa berrian zer egingo duen azalduko diola gaur egingo duten bileran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu