Eusko Jaurlaritzako, Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko ordezkariek inauguratu dute gaur Gasteizko autobus geltoki berria. Euskaltzaindiaren plazan dago geltokia.
Goizean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak eta Javier Maroto Gasteizko alkateak erakunde bisita egin dute, lanetan parte hartu duten enpresariekin batera. Bihar, ostiralarekin, gainontzeko hiritarrek tartea izango dute autobus geltokia barrutik ezagutzeko. 10:00-14:00 eta 19:00-21:00 bitartean irekita egongo da. Astelehenean, geltokiko 25 nasek lehen autobusak hartuko dituzte.
Hiru urteko lanen ostean jarriko dute martxan autobus geltokia. 15,3 milioi euroko aurrekontua izan dute obrek. Lakua auzoan dago geltoki berria, Euskaltzaindiaren plazan. Hogeita bi urtez behin-behineko autobus geltokia eduki dute gasteiztarrek.