Inauguratu dute Sartagudan Memoriaren Parkea

Jendetza bildu da 1936ko gerrako eta frankismoko Nafarroako biktimak oroitarazteko. Eguerdian egin dute ekitaldia -UPN ez da agertu-, eta arratsaldean ere izanen da ekimenik. .

2008ko maiatzaren 10a
15:17
Entzun
Egun historikoa da gaurkoa Sartagudan (Nafarroa), 1936ko gerraren eta frankismoaren 3.420 biktima nafarrei (2.868 fusilatuei eta Ezkaban hildakoei, adibidez) "herri omenaldia" egin dietelako Memoriaren Parkea inauguratuta. Jendetza bildu da eta, urteak pasatu diren arren, negar malko ugari isuri dute hainbat eta hainbatek. UPN ez beste alderdiak han izan dira.

Nafarroako Fusilatuen eta Alargunen Herriko elkarteek abiatu zuten 2002an egitasmoa. Hildakoen 3.420 izenak zizelatuak dituen horma dago parkean, eta Joxe Ulibarrena eta Nestor Basterretxearen obra bana.

Inaugurazioa 12:30 pasa zirela hasi da, Jose Mari Asin aktoreak gidatuta. Roldan Jimeno historialariak -Jimeno Jurioren semeak-, hitz batzuk eskaini ditu, eta gero Fusilatuen Senideen elkarteko Mirentxu Agirreren eta Alargunen Herriko Julio Sesmaren txanda izan da. Lizarrako koroa, jotak eta aurreskua izan dira gero. Bazkalostean -2.700 lagunek eman dute izena-, Bide Ertzean, Taller de Corcheas, Fermin Valentzia, Aurora Beltran, Ruper Ordorika eta Jose Antonio Labordetak joko dute. Gero, Enrique Villareal El Drogas-ek memoria historikoaren aldeko agiria irakurriko du. Bukatzeko, Fusilatuen Senideen Elkarteari eta Memoriaren Parkeari buruzko dokumentalak emango dituzte.

Nafarroako herririk zigortuena

Nafarroako herririk zigortuena izan zen Sartaguda 1936an. Orotara, 86 lagun fusilatu zituzten; alegia, herriko populazioaren %8. Sartaguda 1936. El Pueblo de las Viudas liburua aurkeztu zuten herenegun, Memoriaren Parkearen inaugurazioaren harira. Jose Maria Jimeno Juriok bildutako dokumentazioak hornitu du obra eta Fernando Mikelarena historialariak osatu du, zenbait kapitulu gehituz. Gertatutakoa argitzeaz gainera, kausak eta ondorioak azaltzen ditu liburuak.

Dokumentazioa aberatsa da: elkarrizketak eta CNTko kide baten egunerokoa ageri dira, adibidez. Argazki historikoak ere ugariak dira, 1977tik aurrera egindako exhumatzeenak, besteak beste. 70eko hamarkadan Jimeno Jurio saiatu zen 1931 eta 1945. urteetan bildutako informazioarekin liburua argitaratzen, baina Triple Aren (komunisten aurkako taldea) mehatxuek galarazi egin zioten. Orain, Jimeno Jurioren obren barnean argitaratu du lana Pamielak, Udalbide eta EKEren laguntzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.