Inazio Agirre

Inazio Agirre omendu dute Tolosan

EHEren sortzaileetakoa eta Sortuko kidea igandean hil zen. Euskalgintzari urteetan egin dion ekarpena goratu dute haren kideek. "Motor bat hondatu zaigu".

Jendetza bildu da Agirreren aldeko omenaldian. BERRIA
2014ko abuztuaren 20a
08:05
Entzun

17:00etan egin zioten atzo omenaldia, Tolosako hilerrian. Jendetza elkartu zen bertan; besteak beste, euskararen eta euskal kulturaren ordezkari ugari, Sortuko Gipuzkoako koordinatzaile Joxean Agirre, Aralarreko koordinatzaile Patxi Zabaleta, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta Tolosako nahiz Tolosaldeko alkate ugari.

Lizardi kultur elkarteko kideek hartu zuten hitza. Agirre zenaren euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna goraipatu zuten, bere jarrera pertsonalarekin batera. Gizon atsegina eta kantaria zela oroitu zuten.

Joseba Alvarez Sortuko kideak nabarmendu du Agirre ez zela "edonolako" euskaltzalea, "motorra" baizik: "Tira egiten zuena". Halaber, gogorarazi du erderaz funtzionatzen zuen ezker abertzaleak barnean euskaraz jardun zezan lan handia egin zuela. Bestalde, senideen izenean, Eneko Agirre Inazio Agirre zenaren semeak eskerrak eman dizkie omenaldian izan direnei. Aitortu du egun gogorrak bizi izan dituztela, baina balio izan diela jendeak Inazio Agirre eta bere lana estimatzen dutela jabetzeko.

Igandean zendu zen Inazio Agirre, 66 urtetan. Bizikletarekin istripua izan eta egunak egin ditu ospitalean, sendatu ezinik. Agirre atzo agurtu zuten adiskideek eta senideek, Tolosa sorterrian, Gipuzkoan. Han zen Karmele Aierbe ere: "Idia zen Inazio. Eta gu gurdian erraz joaten ginen harekin. Bera izan da ideologoa, bidea markatu digu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.