Bi urte bete ziren atzo ETAk Inazio Uria enpresaburua hil zuela. Uriaren familiari babesa eta elkartasuna adierazteko, 300 lagun inguru bildu ziren atentatua izan zen lekuan, Azpeitian (Gipuzkoa). Uria hil zutenei ez diela inoiz barkatuko eta horiek «betiko» kartzelan egotea nahi dutela adierazi zuen haren familiak.
Alderdi politiko eta erakundeetako ordezkaritza zabal batek parte hartu zuen ekitaldian. Besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak, Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak, Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak eta Azpeitiko udalbatzako hainbat kidek. Enpresa alorreko ordezkaritza ere izan zen; tartean, Jose Guillermo Zubia Confebaskeko idazkaria.
Agintari eta herritarren aurrean irakurritako agirian, Uriaren familiak «mespretxua eta gorrotoa» adierazi die ETAri, «bere konplizeei» eta «terrorismoa defendatzen duen edonori». «Indarkeriaz eta pertsonak erailtzen ez duzue sekula ezer lortu eta lortuko ere», nabarmendu du.
Era berean, Uria hil zutenak «betiko» espetxean nahi dituztela gaineratu du familiak. «Guere sufrimenduaren kartzelan gaude duela bi urtetatik, gainontzeko biktima guztiekin batera, bizi osorako sufritzera kondenatuta».
Isiltasuna nahi du Ortuzarrek
Andoni Ortuzar EAJren BBBko presidenteak, berriz, Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean esan du ETAri «presioa» egiteko modurik eraginkorrena «isiltasuna» dela. «Erabakia berak hartu behar du». Horren harira, Eusko Jaurlaritzak ETA osteko egoerari buruz hitz egitea ez duela egoki ikusten adierazi du buruzagi jeltzaleak. «Ezin liteke egun bakoitietan konponbidetik urrun gaudela esan, eta bikoitietan konponbidea etzi datorrela esan», kritikatu du Ortuzarrek.
Inazio Uria hil zutenei ez diela inoiz barkatuko adierazi du haren familiak
ETAk enpresaria hil zuela gogoratu dute Azpeitian, atentatuaren bigarren urteurrenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu