Gaur astebete hil zuen ETAk Inazio Uria Altuna y Uria enpresako arduradunetakoa Azpeitian (Gipuzkoa), Loiola auzoan, eta gaur Uriaren sendiak eta lagunek elkarretaratzea egin dute atentatuaren leku berean, baita ordu berean ere (ordubatetik aurrera). 50 bat kide elkartu dira eta ez da bertan izan Inazio Uriaren alargun Manoli Aramendi; animoz baxu samar dagoela esan dute senideek.
Familiak ohar batean adierazi duenez, "familiak ez du Inazio ahaztu nahi". Ekitaldi honen berri eman nahi izan du Uriatarren familiak, "gizarte osoaren aurrean" duten "mina" agertu nahi dutelako, "eta, bide batez, Inazioren oroimena aldarrikatu". Aldi berean, elkarretaratzearen "izaera intimoa eta familiartekoa" errespetatzeko eskatu dute. "Familiaren nahia denak elkartuta agertzea da, Inazio eraila erori zen leku berean eta gure artetik kendu duten senideari diogun maitasuna eta oroitzapena agertzeko", esan du familiak. Nahiz eta leku publikoan izan, "ekitaldia familia barnekoa" den aldetik, ulermena eta onarpen aeskatu diete lagunei eta auzotarrei.
Uriatar familiak aste honetan jasotako laguntza eta elkartasun agerraldian eskertu ditu: "Eskerrak eman nahi dizkiogu beilatokira eta hileta-elizkizunera etorri edota elkarretatzeetan eta Inazio agurtu zuen manifestazio ahaztezinean parte hartu zuten azpeitiar guztiei, euskal gizarteari eta erakunde politiko, enpresarial eta sindikalei. Baita Inazio Uria edota bere enpresa ezagutzen zuten pertsonei eta enpresa munduko erakunde guztiei ere, gaurko egunean ere jasotzen ari garen dolumin eta saminezko mezuak etengabeak baitira".
Urtea bukatu artean, behintzat, Uriaren familiakoek eta lagun hurbilekoek asteazkenero egingo dute bilkura, Loiolan. Elkarretaratzeari izaera intimo hori eman diote gaur, eta aurrerantzean ere halakoa eman nahi diote.
Ordu laurdena iraun du elkarretaratzeak, eta txalo zaparradaz bukatu dute.
Politika
Inazio Uria zena gogoan izan dute haren sendiak eta lagunek
Elkarretaratzea egin dute Azpeitian, Loiolan, enpresaburuaren hilketa izan zenetik astebetera, ordu eta toki berean. Urtea bukatu artean, behintzat, asteazkenero egingo dute bilkura, izaera intimokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu