Euskal Errepublikaren aldeko manifestazioan parte hartzeko deia egin die EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik "abertzale, antifaxista, independentziaren eta demokraziaren aldeko" euskal herritarrei. Koalizioaren mahai politikoaren izenean egin du deialdia, Donostian egindako agerraldian.
Otegik gogora ekarri du Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrena, eta nabarmendu du Euskal Herrian ezezkoa eman ziola gehiengoak. "Orain dauzkagun arazo estrukturalen jatorria Espainiako Konstituzioan eta trantsizioan dago, eta horiek Espainiako batasun sakratuan eta jabetza pribatuan daude oinarritua".
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ohartarazi du, hala ere, egungo indar banaketa kontuan hartuta "ezinezkoa" dela "Espainia demokratizatzea". Hala, aliantza zabalen beharra nabarmendu du Otegik: "Aliantza antifaxistak eta askatasunaren aldekoak, estatuan zapalduak diren nazio guztiekin eta estatuan dauden sektore errepublikanoekin".
Aurrekontuak
Jaurlaritzaren aurrekontuei buruz galdetuta, urrats berririk ez dutela egin azaldu du Otegik, eta gaineratu du gizartearen oinarrizko arazoentzako irtenbiderik izan ezean, ez dela aurrekonturik izango. "Jendea kalera irten da pentsio eta soldata duinak eskatzera, soldaten arteko arrakalak amaitzeko eskatzera.... eta ez dugu ulertzen zenbaitek haien eskaerei erantzun gabe aurrekontuak onartu nahi izatea".