Urtarrilaren 8an Bilbon egindako manifestazio arrakastatsuak 65.000 herritar bildu zituen, eta haren «garapen naturala» izan da Egin Dezagun Bidea. Nafarroan ere talde bat osatu da, eta sustatzaileetako bat da Fran Balda. Haren hitzetan, asmoa ez da manifestazio bat egin etahor amaitzea, baizik eta, ekimenaren izenak adierazten duen legez, urratsez urrats herritarren elkartasuna bilduko duen «olatu» bat osatu eta egungo espetxe politika aldaraztea.
Bihar manifestaziora deitu duzue. Zer asmorekin?
Mendekuan oinarritutako espetxepolitika konponbiderantz ekartzeko orain dagoen tresna bakarra, nolabait ere, herri presioa eta herri mobilizazioa da. Hori garbi dugu, eta horren inguruan abian jarri dugu igandeko manifestazioa. Egin Dezagun Bidea tresna bat da, eta euskal jendarteari eskaintzen diogu bere sentsibilitatea antolatzeko eta presoen gaia lantzeko.
Zer eskatzen duzue?
Muturreko egoeren inguruan exijitzen eta estutzen hasiko gara: Parot doktrinaren desaktibatzea, zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak kalera ateratzea, gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzea eta bakarturik dauden presoen egoera lausotzea. Azkenik, hori dena borobilduko luke euskal presoak Euskal Herrira ekarriz. Beharrezkoa da orain eragile gisa parte hartzeko eta nolabait ere prozesua sendotzeko.
Manifestazioarekin, zer irudikatu nahi duzue?
Gizarteratu nahi dugu posible dela eta indar nahikoa badugula espetxe politika aldatzeko. Nire ustez, oso garrantzitsua izango litzateke dugun egoera hau sendotuz joateko.
Uste duzue gaia gizarteratzeko orduan oraindik lana badagoela egiteko?
Alde batetik, sentsibilizazio handia dago presoen inguruan. Gaur egun, jende gehiago mobilizatzen da presoen eta errepresaliatuen eskubideen alde eta haien izaera politikoaren alde. Oraindik ere egin behar da bidea, jende askok garai ilusionagarri honetan garbi dugulako pauso bat emango duela eta planteatzen dugun honekin bat datorrela. Hori da honen helburua, horrelako gizarte olatu bat sortzea.
Eraginkorra izan daiteke Espainiako Gobernua estutze aldera?
Bai. Lortu ditugu hainbat gauza urteen joanean. Gaixoak kalean dauzkagu, eta herri presioa izan da nagusi horretan ere. 1998an, herri presioaren ondorioz, uharteetatik penintsulara jendea ekarri genuen, eta hor badira hainbat lorpen.
Egoera honetan, Espainiako Gobernuaren aldetik izan al da jarrera aldaketarik?
Baldin badago, ez dugu ikusten. Baina ikusi dugu, bai, euren aldetik hartu nahi ez dituzten erabakiak hartu behar izan dituztela, gizarteak behartuta. Hor dugu Bilduren kasua. Presoen gaiarekin berdin-berdin suertatuko da.
Zein da orain presoen egoeraren argazkia?
Egun, 70 presori Parotdoktrina ezarri zaie. Gaixotasun larria dutenek kartzeletan segitzen dute. Mila kilometrora hainbat jende dago; egunotan bi ezbehar izan ditugu errepidean, eta egoerak berdin segitzen du. Ez dute pausorik eman, eta hori eskatzen dugu: egoera lausotze aldera pausoak eman ditzala gobernuak ere.
Euskal preso bakoitza etxetik 670 kilometrora dago batez beste. Senideei nola eragiten die?
Atera kontuak: zama afektiboaz gain, zama ekonomiko larria; lana utzi beharra edo lan ordutegiak aldatu beharra; kilometro ugari egin behar; kostu ekonomiko larriak; istripuak izateko aukera handia...Sakabanaketa eta espetxe politika drama handia eta garrantzitsua da.
Fran Balda. Egin Dezagun Bidea ekimenaren sustatzailea
«Indar nahikoa badugu espetxe politika aldatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu