Aberri Eguna datorrela eta, indar subiranistei batzeko deia egin die ELA sindikatuak, hain zuzen ere, burujabetzan aurrera egiteko bide bakarra hori dela iritzita. Jose Elorrieta idazkari nagusiak eta Txiki Muñoz idazkari nagusiaren albokoak aurkeztu dute Aberri Eguna 2008. ELAko Nazio Batzordearen adierazpena izeneko agiria, eta abiapuntu ezkor batetik hasi dute gogoeta: mugimendu abertzalea ilusiorik gabe dagoela eta indar falta hori batasun ezak eragiten duela.
"Gaurko egoeran mugimendu abertzalearen oinarriak garrik gabe daudela ikusten dugu. ELAk, dagokion heinean, sentipen hori eragin izanaren ardura ere onartzen du. Gure ustez horren zergatia batasunik eza da, eta honek berarekin dakarren ahulezia", agertu dute.
Gainera, abertzaleen ilusio gabezia horrek Espainiako eta Frantziako estatuei erraztu egiten die burujabetzaren aurka egitea, eta dinamika errepresiboak indartzea. Ildo horretatik, eskubide politikoen urratzeak, epaiketa eta espetxeratze politikoak, beste hainbat jazarpen salatu dituzte. Halaber, burujabetzaren alde egiteko PP ez ezik, PSOE ere oztopo dela iritzi diote, eta bi alderdi horiekin ezin dela hitzarmenik egin.
Batasun eta indar faltaren oinarrian, berriz, abertzaletasunaren baitan mamitu diren bi estrategia nagusi jarri ditu ELAk; batetik, ETAren borroka armatuaren estrategia, eta, bestetik, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaren proposamena. Sindikatuaren arabera, bata zein bestea agortuta daude eta antzuak dira.
ETAri dagokionez, su-etena hautsi eta militante politikoak hiltzera itzuli izanak elkarbizitza hondatzeaz gain, gatazka bera desitxuratzen du. "Duela gutxi Arrasaten gertatu den militante sozialista baten hilketa drama gizatiar eta sozial onartezina da, eta gizarte honek ezin du gehiago eremu politiko horretara kondenatuta egon. Honelako ekintzek gizartea alferrik zatikatzen dute; gatazkaren alderdi historiko-politikoa ezkutatzen digute (gainera, ekintza horien ardura dutenek gatazka horren baitan kokatuz zuritu nahi dituzte maltzurki), eta herri honetako aniztasun politikoa aintzat hartuko duen aldaketa politiko baten alde zintzo diharduten sektore abertzaleak etsipenera eramaten ditu".
Ibarretxeren proposamenari dagokionez, ELA herri galdeketa egitearen aldekoa dela azaldu arren,lehendakariari ez diotela halako prozesu bat bideratzeko sinesgarritasunik aitortzen adierazi dute. "Hortaz, ELAren irudiko, bi estrategiak, armatuak eta neoestatutista-antisozialak, oso desberdinak izanagatik, esparru politikoan polarizazio antzura daramate, eta esparru sozialean, berriz, oinarri abertzale herrikoien desmobilizazioa dakarte. Horregatik uste dugu lehenbailehen iritsi behar dela nazioprozesuari buruzko oinarrizko akordioetara", diote.
Horren guztiaren ondorioz, Lizarra-Garaziren balioa aldarrikatu dute Elorrioetak eta Muñozek, indar subiranistak batzeko eta burujabetzan aurrera egiteko eredu bakar gisa.
Indar subiranistak batzeko deia egin du ELAk, Aberri Egunaren harira
Burujabetzaren alde ezin dela PSOErekin ez PPrekin hitzarmenik egin iritzi dio sindikatuak. ETAren estrategia eta Ibarretxeren proposamena antzutzat jo ditu, eta Lizarra-Garaziko hitzarmenaren balioa aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu