Bonba bat leherrarazi dute bart Torremolinosko (Andaluzia) hondartzan, Espainia hegoaldean, eta ez da zauriturik gertatu. Lehergailua indar txikikoa zen, polizia iturrien arabera; lehen datuek diote kilo batekoa zela. Inork ez du hartu bere gain erasoa, baina Espainiako Poliziak ETAri egotzi dio. Poliziak esan duenez, bonba jarri dutenek ez dute aurretik abisurik eman.
Goizeko hamabiak eta hogeian izan da leherketa, Sol Aloha Puerto hotelaren inguruan -300 metrora dago hotela-, oinezkoentzako zubi baten azpian. 40 zentimetroko zuloa eragin du leherketak. Hotel hartan 800 lagun daude egunotan eta, erasoaren unean, itsas pasealekuan hainbat pertsona zebiltzan. Goizeko lauak aldera normaldu da egoera han.
Polizia iturriek nabarmendu dute lehengo astean ustez ETAren kontra egindako operazioan erakunde armatuak udaran Andaluzian turismo guneen aurka egiteko paperak aurkitu zituztela. ETAk duela bi aste lau lehergailu jarri zituen Espainiako iparraldean, Kantabrian, ustez turismoaren aurka (hondartzetan eta golf zelai batean jarri zituen).
Berri agentziek diotenez, Poliziak atzo gauean Torremolinosko harrobian pistola bat atzeman zuen poltsa baten barruan, baita bi kargadore, detonagailu-erloju bat eta tenporizadore bat ere. Herritar batek ikusi zuen poltsa eta Poliziari deitu zion, berri agentzien arabera.
Poliziak dio pistola Smith & Wesson markakoa dela, eta lehengo astean marka bereko arma atzeman ziotela Arkaitz Goikoetxeari Bilbon, ustez ETAren kontra egindako operazioan.
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroaren ustez, "ez dago nahikoa froga ETAk Andaluzian azpiegitura duela esateko".
Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko buruaren arabera, berriz, "nahiz eta atxiloketak egin diren, oraindik ETAko kideak daude Euskadin".
Indar txikiko bonba bat lehertu dute Espainia hegoaldean, eta ez da zauriturik izan
Torremolinosko hondartzan izan da leherketa, Andaluzian. Inork ez du hartu bere gain erasoa, baina Espainiako Poliziak uste du ETA izan dela egilea. Atzo gauean herriko harrobian pistola bat atzeman zuten. Perez Rubalcabak dio ETAk ez duela azpiegiturarik Andaluzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu