Indarkeria matxistaren kontrako manifestazio nazionalera deitu du Euskal Herriko mugimendu feministak apirilaren 9rako. 11 eraso, 12 erantzun. Feministok prest! lelopean egingo da, Gasteizen. “Kaleak betetzeko gonbidapena egiten dugu, gure aliantzak erakusteko eta altu eta ozen eraso bakoitzaren aurrean egongo garela esateko prest gaude”.
Mobilizazioak hiru helburu dituela nabarmendu dute: eraso matxisten aurka egitea, mugimendu feministaren kriminalizazioa salatzea eta bortizkeriari buruz haurnarketa sozial bat sustatzea. “Arazoaren muinari heltzeko ordua da, konpromisoak hartzeko ordua, bortizkeria matxistak ekidin eta emakumeak menpekotasun espazioan ezartzen dituen sistema eraldatzeko garaia. Badakigu bere jatorriak zeintzuk diren, eta aurre egiteko prest gaude”, adierazi dute.
Eguna iritsi bitartean, atxikimendu kanpaina bat abiarazi dute. Hori horrela, #feministokprest etiketarekin argazki bat atera eta sare sozialetara igotzeko proposamena egin dute.