Etxegabetzeak

Indarkeria matxistaren biktima bat etxegabetzea geldiarazi dute Barakaldon

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Aholkularitzak bihar bota behar zituen etxetik emakumea eta haren bi haurrak. Gaur eginiko elkarretaratzearen ostean, ordea, geldiarazi egin dute prozesua.

Kaleratzea geldiarazteko elkarretaratzea, gaur goizean, Barakaldon. ARGITAN @ARGITAN_BARAKA
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 30a
09:35
Entzun

Goizean goiz bildu dira, etxetik bota nahi zuten bizilagunaren atarian, Barakaldoko (Bizkaia) Felicidad kalean. Berri Otxoak gizarte bazterketaren aurkako eta gizarte eskubideen aldeko plataformak eta Argitan emakumeentzako aholku etxeak antolatu dute elkarretaratzea, kaleratu nahi duten emakumeari babesa adierazi eta etxegabetzea geldiarazteko asmoz. Indarkeria matxistaren biktima da etxetik bota nahi duten emakumea, 41 urte ditu, eta 15 eta 6 urteko bi haur ditu bere kargu. Ez du beste bizilekurik.

Elkarretaratzea antolatu duten eragileen arabera, "protokolo, arautegi eta jurisprudentzia guztiak" urratzen ditu prozesu honek, bi adingabe bere kargu dituen eta indarkeria matxistaren biktima den emakume bat baita etxetik bota nahi dutena. Halaber, erakundeen jarrera salatu dute. Idatzi batean nabarmendu dutenez, Etxebide etxebizitza zerbitzuak ez die kasurik egin familiaren eskakizunei, ez eta Barakaldoko Udalaren gizarte baliabide zerbitzuek ere. Gaineratu dutenez, Arartekoak bazuen kasuaren berri, baina hala eta guztiz ere ez dute inoiz erantzunik helarazi.

Emakumeari erakundeek helarazi dioten mezu bakarra hilaren 30ean etxetik botako zutela jakinarazteko abisua izan da. Berri Otxoak eta Argitan eragileen idatziaren arabera, uztailaren 5ean jaso zuen abisua emakumeak. Gaur, prozesuaren irregulartasunak salatzeko eta etxegabetzea geldiarazteko bildu dira, 09:00etan. Ordubeteren ondoren jakin dute prozesua behin-behinean geldiaraztea lortu dutela. Antolatzaileen esanetan, presio soziala egiteagatik lortu dute emakumea eta haren familia ez kaleratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.