GENERO INDARKERIA

Indarkeria psikologiko eta ekonomikoa andreen aurkako erasotzat jotzea proposatu du Nafarroako Gobernuak

Andreen kontrako bortizkeriari aurre egiteko lege aurreproiektua aurkeztu du Nafarroako Gobernuak. 2002ko araua egungo errealitatera egokitzea du xede.

Genero indarkeriaren kontrako lege proiektua aurkeztu du Nafarroako Gobernuak. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2014ko abenduaren 30a
07:20
Entzun

Nafarroako Gobernuak prest du indarkeria sexistaren aurkako lege berria. Iñigo Alli Gizarte Politiketako sailburuak aurkeztu du gaur, eta urtarrilaren 17ra bitarte herritarren ekarpenak jaso ostean, martxoan eramango dute parlamentura, eztabaidatzeko. Arauak kontzeptuan dakar aldaketa nagusia: "nahasketak" saihesteko, andreek pairatzen dituzten erasoak emakumeen kontrako indarkeria gisa hartuko dituzte aurrerantzean, ez genero indarkeria bezala. Eraso fisiko edota sexualak ez ezik, indarkeria psikologikoa eta ekonomikoa ere andreen aurkako erasotzat joko dute, Allik azaldu duenez: "Hau da, emakumearen eta haren seme-alaben ongizatea bermatzeko baliabideak nahita ukatzea".

Proposamenak parlamentuaren oniritzia jasoko balu, 2002ko araua ordezkatuko luke lege berriak. Aitzindaria izan zen, onartu zuten lehenetarikoa izan baitzen. Legearen garapenak, ordea, kritika franko eragin ditu orduz geroztik; justizian bai, baina prebentzioan ez dute ia neurririk abiarazi. Zehazki, esparru horretan eragin asmo du Nafarroako Gobernuak. Besteak beste, hezkuntzan eta osasunean ipini nahi du berebiziko arreta. Maisu-maistren etengabeko formazioa bultzatuko du kasuen antzemate goiztiarra egiteko. Ez hori bakarrik: ikastetxeetako testu liburu eta bestelako eskola materialak ikuskatzeko xedea du, andre eta gizonen arteko berdintasuna bermatzen ote duten frogatzeko.  

Adingabeak, "biktima zuzenak"

Legeak, gainera, "eskubide integrala", "babes eraginkorra" eta arreta judizial "berezia" jasotzeko beta emango die biktimei. Arauak jasotzen duenaren arabera, "berreskuratu arte" lana aldi baterako uzteko aukera ere edukiko dute, betiere lanpostua galtzeko arriskurik gabe. Indarkeriaren arreta eta aurre hartzeaz gain, prebentzioa eta sentsibilizazioa jorratzeari ekitea du lehentasun gobernuak. Horretarako, orain arteko kanpainei eutsiko die, eta areagotu egingo ditu. Alli: "Jarreren arrazoiak zehaztu, eraginkor izateko. Hori da behar duguna". Halaber, adingabeak andreen aurkako indarkeriaren "biktima zuzenak" izango dira lege berrian. UPNren gobernuak milioi bat euro inguru jarriko ditu indarkeria sexistarekin loturiko ekintzak martxan jartzeko: plan estrategiko bat, urteroko txosten bat eta lau urterako ebaluazio lan bat egitea aurreikusi dute, kasuen jarraipen "zehatza" eta neurrien eragina aztertzeko.

Hamabi urte pasatu dira Nafarroak indarkeria sexistari aurre egiteko legea onartu zuenetik, eta zaharkituta geratu den susmoa du orain UPNren gobernuak. Hala, araua "egungo errealitatera" egokitu nahi du. Horren harira, parlamentuaren "babes zabala" eskuratzea espero duela esan du Gizarte Politiketako sailburuak, testua alderdi, eragile eta talde anitzekin adostua izan delakoan.

Baliabide eskasia

Berritasuna, oro har, ondo hartu dute berdintasunaren esparruan ari diren eragileek, baina ez dira erabat ase. Hain justu, 2002ko hutsak zuzentzeko eta baliabideak jartzeko "finantzaketa konpromiso sendoa" eskatua dute emakume elkarteek. Beharrezkotzat jo dute testu berri bat onartzea, indarrean den legea hobetzeko. Nolanahi ere, gabeziak antzeman dituzte dagoeneko: uste dute arauak hobera egin duela hainbat esparrutan, baina, funtsean, ez dituela baliabideak jasotzen. "Eta baliabiderik gabe, legea papera baino ez da. Giza baliabiderik eta baliabide ekonomiko eta materialik gabeko legea lege hila da". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.