Indarkeria zantzuak ditu Beriainen hilda aurkitu duten emakumeak

20 eta 30 urte arteko emakumearen heriotza genero indarkeria kasu bat ote den ikertzen ari dira

Erredakzioa
Iruñea
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Bortizkeria zantzuak zituen emakume baten gorpua aurkitu zuten atzo goizean,Beriainen (Nafarroa), Morea aintziran.Iruñeko instrukzioko laugarren epaitegiak isilpean du kasua, eta, Alberto Catalan Nafarroako Gobernuko bozeramaileak atzo adierazi zuenez, ez dute baztertu «hipotesi bat bera ere». Catalanek berak gaineratu zuen ez dakitela genero indarkeriako kasua den.

Emakumearen gorpua 07:40 aldera aurkitu zuen inguruko bizilagun batek, uretan, ur ertzetik oso gertu. Abisua eman ondoren, gorpua uretatik atera zuten goizeko hamar t'erdiak aldera, eta suhiltzaileek aintzira arakatu zuten zodiak batekin. Urpekariak ere aritu ziren bilaketan, baina, itxura batean, ez zuten ezer atera uretatik.

Foruzaingoak baieztatu zuen emakumeak hazpegi latinoamerikarrak eta 20 eta 30 urte artean zituela. Gorpuak lepo aldean zauri larriakzituela zabaldu zuten zenbait komunikabidek atzo, baina Foruzaingoak berri hori ez zuen baieztatu nahi izan. Halaber, Poliziaren arabera, gorpuak denbora gutxi zeraman uretan. Ur bareko aintzira daMorea, eta inguruan lantegi ugari daudenez, jende asko igarotzen da gorpua azaldu den lekutik. Rafael Blanco Beriaingo alkateak azaldu zuen industrialdetik gertu egonda, aintzirarako sarbidea erosoa dela eta autoek sartzea debekatuta eduki arrengauez sar daitezkeela, ez delako egoten zainduta.

Emakumearen gorpua Auzi Medikuntzako Nafaroako Institutura eraman zuten, eta han autopsia egitekoak ziren.

Atzo artean emakumea identifikatu gabe zegoen, baina Blancok adierazi zuenez, ez du uste Beriaingo bizilaguna denik.Izan ere, alkatearen arabera, ez dute inongo desagertzeren inguruko berririk jaso, eta ezta genero indarkeriari lotutako albisterik ere. Beriaingo Udaleko bozeramaileen batzordeak bilera egin zuen atzo arratsaldean, gertatutakoa aztertzeko eta salatzeko.

Auzia isilpean egonik, Alberto Catalanek ez zuen informaziorik eman nahi izan prentsaren aurrean eginiko agerraldian: «Zuhurtziaz jokatu behar dugu, xehetasunetan sartu gabe. Informazioa epaitegiaren erabakiak kontuan izanda emango da, haiek direlako garrantzitsuenak».

Azkuerena, argitu gabe

Gaur hogei egun dira Amaia Azkue 39 urteko emakumearen gorpua Azpeitiko (Gipuzkoa) Ibai-Eder urtegian aurkitu zutela. Ertzaintzak kasua ikertzen segitzen du, eta auziak, sekretupean.

Azkue martxoaren 16an aurkitu zuten, eskuak eta hankak lotuta eta ahoa estalita zituela. Heriotza eragin zioten hainbat kolpe zituen buruan. Azkue Getariako Meaga auzoan bizi zen, baina bizitza Zarautzen egiten zuen. Han ikusi zuten azkeneko aldiz, hilda agertu zen egun berean, 12:30ak aldera. Arratsaldean lagun batekin kafea hartzeko ordua zuen, baina ez zen agertu, eta ezta alabak eskolatik jasotzera ere. Horren ondoren, senarrak Azkueren desagertzea salatu zuen. 17:15ean agertu zen emakumearen gorpua, Azpeitiko Ibai-Eder urtegian.

Hilketaren arrazoia zein izan zen ez dute oraindik argitu, baina Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak egun batzuk geroago adierazi zuen lapurretaren hipotesia ari zela gailentzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.