Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur 11:50 aldera jakinarazi ditu galdeketerako lege proposameneko galderak. Hauek dira:
1. galdera. "Ados zaude indarkeriari elkarrizketa bidez amaiera emateko prozesu bat bultzatzearekin, baldin eta ETAk aldez aurretik erakusten badu zalantzarik gabeko moduan indarkeriari behin eta betiko amaiera emateko borondatea?".
2. galdera. "Ados zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat lortzeko negoziazio-prozesu bati ekitearekin, eta Akordio hori 2010. urtea bukatu baino lehen erreferendumera jartzearekin?".
Komunikabideen aurrean aurkeztu ditu Ibarretxek, Ajuria Enean. Aurretik, 10:30etik, Jaurlaritzako ezohiko batzarra egin dute.
Ondorioz, Jaurlaritzak ez du ETAren kontrako gaitzespen zehatza aipatu lehen galderan -"irizpide etikoari" dagokionean-, eta bigarrengoan -"irizpide demokratikoan"- "erabakia eskubidea gauzatu" nahi duela dio, aurretik "euskal alderdien akordioa" lortuta.
Nahikoa luke legebiltzarreko gehiengo sinplea
Lege proposamenaz ekainaren 27an osoko bilkura eta bozketa egingo dituzte Eusko Legebiltzarrean. Aurrera irteteko nahikoa izango da gehiengo sinplea. "Alderdi politiko guztien baietza espero dugu, ziur baikaude ez dela egongo ez alderdi politikorik, ez eta legebiltzarkiderik, Euskal Herriari hitza emateari uko egingo dionik", esan du Ibarretxek.
Urriaren 25ean egingo litzateke kontsulta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Emaitza ez da lotzailea izango, ez du balio juridikorik izango, "baina bai politikoa eta demokratikoa".
Testua bihar Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko lehendakariari emango diote, tramitazioa hasteko. Taldeek ezingo dute helegiterik sartu.
Espainiako Gobernuak kontsulta galarazi nahi badu, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo beharko du.
"Segurtasun juridikoa"
Ezohiko gobernu batzarra "garrantzitsua eta historikoa" izan dela adierazi du Ibarretxek, galderen berri eman aurretik. "Herri kontsultarako deia onartu dugu, eta hori arautzen duen lege egitasmoa. Gizarteari segurtasun juridikoa eman nahi diogu".
"Konpromiso politikoa bete" nahi du Jaurlaritzak, Ibarretxeren esanetan, eta "gizartearen aurrean argi eta garden" aritu gura du. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteari iazko urrian akordioa lortzeko eskaintza egin zionetik, "beti ezezkoa" jaso duela nabarmendu du, "eta ez gaude prest irtenbiderik eskaintzen ez duen gurpil zoroan bizitzeko".
"Bakea nahi dugu. ETA dagokion lekuan jarri nahi dugu, indarkeria behin betiko utz dezan exijituz. Egoera desblokeatzeko elkarrizketa nahi dugu, euskaldunen arteko akordio politikoa 2010 aurretik, eta euskal gizartea izango da prozesua abiaraziko eta itxiko duena, eta bide osoari zilegitasuna emango diona". Espainiako Gobernuari hor erabakiko litzatekeena errespetatzeko eskatu dio; "orain arte ez du errespetatu".
Ondoren irakurri ditu galderak, bukaeran. "45 segundotan irakurtzen diren galdera xumeak dira, eta herritarrei eskatzen diet irakurtzeko eta ondoren erabaki dezala zer egin behar duen, nola jokatu behar duen, lasaitasun osoz".
Politika
Indarkeriaren amaiera elkarrizketatua eta erabaki eskubidea jasotzen ditu Eusko Jaurlaritzaren galdeketarako lege proposamenak
1. galdera. "Ados zaude indarkeriari elkarrizketa bidez amaiera emateko prozesu bat bultzatzearekin, baldin eta ETAk aldez aurretik erakusten badu zalantzarik gabeko moduan indarkeriari behin eta betiko amaiera emateko borondatea?". 2. galdera. "Ados zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat lortzeko negoziazio-prozesu bati ekitearekin, eta Akordio hori 2010. urtea bukatu baino lehen erreferendumera jartzearekin?".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu