Indarkeriaren aurkako oldarraldi feministara deitu dute sindikatuek

Laneko indarkeria sexista eragozteko behar diren egiturazko aldaketak ez egitea egotzi diete erakundeei

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Emakumeen aurkako indarkeria lan alorrean ezkutuan dagoela salatu dute ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek. «Erakunde publikoetatik eta patronaletik ez da ezer egiten arazoa ikusgarri egiteko. Diskurtso politikoki zuzena erabiltzen dute, egiturazko aldaketa sakonak egin ordez», salatu zuen atzoko agerraldian Zaloa Ibeas LABeko kideak. Hala, indarkeria sexistaren aurkako «oldarraldi sindikal feminista» baten aldeko apustua egin dute.

Ana Perez EILAS sindikatuko ordezkariaren hitzetan, «indarkeria sexista sistema patriarkalak behar duen egiturazko tresna da, emakumeak bigarren mailako herritar izaten jarraitzeko». Munduko emakumeen %70k gutxienez bere bizitzan behin bortizkeria pairatu duela edo pairatuko duela ohartarazi zuen, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira egindako agerraldian. Euskal Herrian aurten sei emakume hil dituztela ere gogorarazi zuten. Horiek hala, azaroaren 25a borroka eta aldarrikapen eguna izan behar dela nabarmendu zuen.

Lan merkatua emakumeentzat oraindik ere «egonkortasunik gabea eta baztertzailea» dela salatu zuen LABeko Zaloa Ibeasek. Hala, haren hitzetan, egoera horrek are gehiago errazten du indarkeria eta jazarpen sexista. Krisiaren ondorioz EspainiakoGobernua eta Hego Euskal Herriko administrazioak erabakitzen ari diren erreformek egoera gehiago okertuko dutela uste dute, gainera. «Emakumeek autonomia eskuratzea zaildu etapobreziaren feminizazioa eragingo du», zioen Ibeasek. Gastu sozialen murrizketek emakumeen aurkako indarkeria bukatzeko konpromiso falta erakusten duela ere salatu zuten. ELAko Jone Bengoetxeak indarkeria hori lehen mailako arazo gisa hartzeko exijitu zuen. «Indarkeria sexista ez da pribatua, ez eta hutsala ere, agenda politikoan bigarren mailako tokia ematen zaion arren», ohartarazi zuen. Horregatik, «erakundeen utzikeria dela-eta», sindikatuen aldetik indarkeria hori bukatzeko eta arazoa ikusgarri bihurtzeko tresnak jartzeko konpromisoa hartu zuten.

Eskaerak erakundeei

Oro har, emakumeek lan munduan dituzten baldintzak duintzeko eskatu zuten, besteak beste, diskriminazioa desagertu behar dela talde ahulenak babestuz. Ugaltzea interes publiko kontsideratzea ere galdegin zuten. Hala, familia planifikaziorako eta aborturako eskubideak lehentasunezko izan behar dutela uste dute, eta familia eta lana bateragarri egiteko politikak eskatu zituzten. Lan politikak langileen beharrizanetan oinarrituta egin behar direla nabarmendu zuten, gizon eta emakumeen berdintasuna bermatuz. Horretarako, babes sozialerako euskal esparru propioa aldarrikatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.