Indarkeriaren kontrako legeaz «argi mintzatzeko» eskatu diote Emakunderi

Bortizkeria matxistaren aurkako aurreproiektua bertan behera uzteko exijitu diote feministek Eusko Jaurlaritzari

46 talde feminista, elkarte sozial eta sindikatuk sinatutako idatzi bat aurkeztu zuten atzo, Bilbon. JON HERNAEZ / ARP.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza lantzen ari den indarkeria matxistaren aurkako lege aurreproiektuaren inguruan azken asteetan agertutako ezinegona gorpuztu egin zen atzo: Euskal Herriko Mugimendu Feministak egitasmoa bertan behera uzteko eskatu zuen, Bilbon eginiko agerraldian. «Testuak ez dakar aurrerapenik indarkeria matxista desagerrarazteko bidean, ez ikuspegian, ezta edukietan ere; aitzitik, atzerapausoa da», argudiatu dute 46 talde feminista, elkarte sozial eta sindikatuk sinatutako manifestuan. Era berean, egitasmoaren inguruan «argi eta garbi mintzatzeko» eskatu diote Emakunderi.

Izan ere, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako jarduna berdintasun politiketatik bereiztea egozten diote lege aurreproiektuari: «Ezinezkoa da indarkeriari aurrea hartzea ez bazaie haren kausei heltzen». Legea onartuko balitz, Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren barruan dagoen Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzari egokituko litzaioke bortizkeriaren aurkako borrokaz arduratzea. Feministek uste dute ikuspegi okerra dela eta arazoa «polizializatzea» ekar dezakeela: «Emakumeen kontrako indarkeriari diziplina askotatik heldu behar zaio, eta erakunde, sail eta departamentuen politikak eta neurriak ondo koordinatu, elkarren osagarri bihurtu».

Emakundek egin izan du koordinazio lan hori. Egitasmoan protagonismo handia galdu duen arren, orain arte ez du gaiari buruzko adierazpenik egin, testua aurreproiektua baino ez dela argudiatuta eta onartzeko bidean edukia aldatu ahal izango duelakoan. Halere, jakina da testuak ezinegon nabarmena eragin duela Emakunderen barruan zein instituzioetako berdintasun teknikarien artean.

Beraz, feministek isilik ez geratzeko eskatu diete berdintasunean lan egiten dutenei: «Nahitaezkoa da berdintasunerako erakunde publikoek erantzun argi bat ematea aurreproiektu honi». Gaur dira azalpenak ematekoak bai Maria Silvestre Emakundeko zuzendaria, bai Mariola Serrano Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako zuzendaria.

Feministen artean, gainera, haserrea eragin du aurreproiektua eztabaidarik eta parte hartzerik gabe aurrera atera izanak. «Ezin zaio ez ikusiarena egin berdintasunaren alde aritzeko sortu diren —eta emakumeek gidatu dituzten— erakundeen lanari». Gogora ekarri dute erakundeotako langileak eta mugimendu feministako kideak adituak direla bortizkeriaren aurkako borrokan, eta «zentzugabetzat» jo dute haien lana eta eskarmentua aintzat hartu ez izana: «Ezin zaie ukatu merezi duten onarpena eta protagonismoa».

Hartara, lege aurreproiektua bertan behera uzteaz gain, informazioa emateko eta eztabaida publikoa abiatzeko «exijitu» diote Jaurlaritzari.

Baliabide berririk ez

Legearen ikuspegiak kritika gogorrenak eragin dituen arren,edukien alorrean ere ez dira bat etorri emakume taldeak. «Aurreproiektuak ez ditu gehitzen emakumeen eskubideak, ez du sortzen baliabide edo zerbitzu berririk», laburbildu dute. Gainera, kontraesana antzeman dute testuan: «Sarreran, indarkeria matxistaren konplexutasuna deskribatzen da; artikuluetan, ordea, lehendik dauden baliabideak baino ez dira jasotzen, horiek hobetzeko biderik jarri gabe edo baliabide gehiago eta hobeak edukitzeko mekanismorik landu gabe».

Feministek alegazioetan argudiatu dute lege aurreproiektua ez dela beharrezkoa, EAEko Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunerako Legeak ezarri zuelako indarkeria matxistaren aurka jarduteko lege esparrua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.