Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Indarra berreskuratu du EAJk, eta bigarren tokian sendotu da independentismoa

Espainiako alderdi konstituzionalistak, ordezkaritza ahul batekin, abertzaleen menpe geratu dira

jokin sagarzazu
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Abertzaletasunak garaipen argia lortu du Eusko Legebiltzarrerako 2012ko hauteskundeetan. Legebiltzarreko eserlekuen hiru laurdenak EAJ eta EH Bilduren esku gertatu dira, eta, boto kopuruari dagokionez, botoen %60 lortu dute; PSE-EEk, PPk eta UPDk, berriz, botoen %30ean geratu dira.

Bi faktorek eragin dute abertzaletasunaren garipena. Batetik, azken urtean galdutako botoak berreskuratu ditu EAJk, PSE-EEren eta PPren kaltea, bereziki. Bestetik, ezkerreko alderdi subiranisten indar metaketa, boto galera jasan duen arren, indartsu sartu da legebiltzarrean, eta abertzaletasunaren bi joera historikoen arteko aldea murriztu egin du. %55 EAJren aldekoa eta %45 EH Bilduren aldekoa. Espainiako Konstituzioaren aldeko alderdiek, berriz, boto galera nabarmena izan dute eta ordezkaritza ahul batekin geratu dira.

1. EAJ

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan inoizko emaitzarik onenetariko bat lortu du EAJk. 1984, 2001, 2005 eta 2009 urteetan soilik lortu du boto gehiago. 2001ean eta 2005an, EArekin koalizioan aurkeztu zen, eta, 2009an, ezker abertzalea legez kanporatu zuten. EAJ izan da, hain zuzen ere, 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartu zuten alderdi nagusien artean boto kopuru gutxien galdu duen alderdia. Boto galera txikia izan du alderdi jeltzaleak: 16.035 boto(-%3,97) eta hiru eserleku galdu ditu.

2009ko hauteskunde horien ostean, behera egin zuen EAJk, iazko Foru hauteskundeetan eta Espainiako Gorteetarako hauteskundetan. 66.057 boto galdu zuen lehenengoan eta beste 9.226 gehiago hurrengoan. Beraz, urtebetean, 59.248 boto berreskuratu du EAJk.

Jeltzaleen gorakada homogeneoa izan da hiru herrialdeetan, bakoitzean legebiltzarkide bana galdu duen arren. Zazpi urteren ostean, garaipena lortu du Araban. 5.749 boto galdu du 2009koekin konparatuta; urtebetean, baina, 4.206 boto berreskuratu du.

Bizkaian erraz eutsi dio herrialde horretan duen hegemonia historikoari. 12.163 boto galdu du 2009ko hauteskundeekin konparatuta. Baina, urtebetean, 7.772 boto berreskuratu du.

Gipuzkoan eman du ezustekohandiena. 2009 hauteskundeekin konparatuta, gora egin duen herrialde bakarra izan da: 1.877 boto irabazi du. Iazko bozetan, baina galera handia izan zuen alderdi jeltzaleak: 30.000 boto inguru galdu zuen. Urtebetean, beraz, galdutako 30.000 boto horiek berreskuratu eta berriak gehitu ditu. Gipuzkoan, halaber, iaz Bilduren eskuetan geratu ziren zenbait herri garrantzitsutan gailendu da: besteak beste, Donostian, Tolosan, Zarautzen eta Eibarren.

2. EH Bildu

EH Bilduk eutsi egin die iazko hauteskundeetan aurkeztu ziren beste bi koalizio subiranisten emaitzei, nahiz eta boto galera jasan. Badirudi EH Bilduk, Amaiurrek bezala, ez duela baliatu ahal izan Aralarren bat egiteak ekarri beharko liokeen boto gehikuntza. Nolanahi ere, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde batzuetan ezkerreko koalizio subiranista batek inoiz lortu duen emaitza onena erdietsi du, eta bigarren indar bezala sendotu da —1998an EHk eta EAk lortutako botoak zenbatzen ez badira behintzat (332.636 lortu zituzten bien artean, EH Bilduk baino 55.647 boto gehiago)—.

2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, 201.651 boto zenba daitezke D3Mren boto baliogabeak eta EA eta Aralarren botoak kontuan hartuta. Horrek suposatuko luke EH Bilduk 75.338 boto gehiago lortu duela.

Konparazio bat egiteko, baina, egokiagoak dira iazko hauteskundeetako emaitzak, Amaiurren jada bilduta baitaude EH Bildu osatzen dute alderdi guztiak.EH Bilduk 8.301 boto galdu du Amaiurren datuekin konparatuta. Alde hori handiagoa da Foru hauteskundeekin konparatuta; alegia, Bilduren emaitzei Aralarren botoak zenbatuta: kasu horretan, 33.526 boto galduko lituzke EH Bilduk.

Herrialdeka, eta Amaiurrek lortutako datuak kontuan hartuta, Araban eta Bizkaian egin du gora koalizioak, eta behera Gipuzkoan. Bildu eta Aralarrek lortutako botoak kontuan hartuta, baina, behera egin du hiru herrialdeetan.

Araban, bigarren indar politikoa izatera pasa da. 2009ko hauteskundeetan baino 11.235 boto gehiago lortu du. Iazko bozekin konparatuta, berriz, Amaiurrek baino 1.638 boto gehiago lortu du, baina Bilduk eta Aralarrek baino 1.999 gutxiago.

Bizkaian, bigarren indarra da. 2009an baino 42.764 boto gehiago lortuko luke. Iazko bozekin konparatuta, berriz, Amaiurrek baino 5.611 boto gehiago lortu du, baina foru hauteskundeetan baino 9.600 gutxiago.

Gipuzkoan jaso du kolpe handiena koalizioak. 2009an baino 19.405 boto gehiago lortu du. Iazkoekin konparatuta, berriz, bi kasuetan galdu ditu botoak: 15.595 boto Amaiurrekin eta 21.870 boto Bildu eta Aralarren batuketatik. Gainera, urtebetean galdu egin du EAJri ateratako aldea. Espainiako Gorteetarako bozetan 42.352 boto atera zizkion eta Foru hauteskundeetan 55.466.

3. PSE-EE

PSE-EEk beherakada nabarmena izan du 2009ko hauteskundeekin konparatuta, 100.00tik gora boto eta 9 legebiltzarkide galdu ditu. Hala ere, %19ko boto-zorua mantendu du hiru herrialdeetan. Alderdi sozialistaren emaitzak, halaber, oso aldakorrak izan dira hauteskunde batzuetatik besteetara eta, azpimarratu behar da, Eusko Legebiltzarrerako bozei erreparatuta, hainbatean lortutako emaitzetatik gora aritu dela oraingoan. 1998an lortutako emaitzetatik gertu egon da, baina 1994tik lortu duen emaitzarik txarrena da herenegungoa.

2009an, baina, gorakada nabarmena izan zuen PSE-EEk. Hala, hauteskunde horiekin konparatuta, 106.173 boto galdu du. Iazkoekin konparatuta, berriz, 47.074 galdu du Espainiako Gorteetarako bozen kasuan, baina 31.011 irabazi du Foru hauteskundeekin konparatuta.

Herrialdeka ere errepikatu egin da aipatutako joera. Araban jaso du kolpe handiena. Lehen indar politikoa izatetik hirugarren indar politikoa izatera pasa da hiru urtean. 17.256 boto galdu du. Halaber, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan baino 9.431 boto gutxiago lortu du, baina Foru hauteskundeetan baino 5.355 boto gehiago.

Bizkaian, 64.728 boto galdu du 2009ko hauteskundeekin konparatuta. 23.706 boto galdu du Espainiako Gorteetarako bozen kasuan, baina 16.139 boto irabazi du Foru hauteskundeetatik.

Gipuzkoan, berriz, 24.189 boto eta bi eserleku galdu ditu 2009ko hauteskundeekin konparatuta. Aurreko kasuetan bezala, baina, 9.937 galdu du Espainiako Gorteetarako hauteskundeetatik eta 9.517 irabazi Foru hauteskundeetatik.

4. PP

PP izan da, lau alderdien artean, emaitzarik txarrenak lortu dituena, azken urteetan hasitako gainbeherari jarraipena emanez. 1990. urtetik, aurkeztu zen lehenengo alditik ez zuen hain boto kopuru txikia lortzen. Eta 200.000 boto inguru galdu du hamar urtean.

2009ko hauteskundeekin konparatuta, 16.241 boto eta hiru eserleku galdu ditu. Galera hori handiagoa da iazko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak kontuan hartuta: 80.890 boto galdu du ordutik hona. Eta foru hauteskundeetatik 24.454.

Herrialdeka, eserleku bana galdu du herrialde bakoitzean, baina Bizkaian lortu du emaitza absolutu kaxkarrena. 11.393 boto galdu du herrialde horretan. Beste bi herrialdeetan, berriz, txikiagoa izan da boto galera —1.963 Gipuzkoan eta 2.885 Araban—. Hala ere, eta portzentajeei erreparatzen badiegu, galera handia izan du, Araban bereziki: sei puntu galdu du ia. Lehen indarra izatetik laugarrenera pasa da herrialde horretan, 16.731 boto galduta. Gasteizen ere kolpe gogorra jaso du. Udal hauteskundeetan lehen indarra izan zen eta, orain, hirugarrena, 8.379 boto galdu ondoren. Hiriburuei dagokienez, soilik Donostian hobetu ditu 2009ko emaitzak, 989 boto gehiago lortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.