Indarrak biltzea adostu dute EAk, ezker abertzaleak eta Alternatibak

«Zabaltzen ari den» fase politiko berrian «eraikuntza nazionala eta gizarte eraldaketa bultzatzeko ahaleginak biltzea» erabaki duteIgande honetan aurkeztuko dute hiru alderdiek hitzartu duten akordioa

Koldo Aldabe.
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Gizarte politika aldaketarako ezkerreko subiranisten eta independentisten arteko hitzarmena aurkeztuko dute igande honetan ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak, «ezker indartsu batetik, eskubide pertsonal zein kolektibo guztiak eta horien praktika babestuko eta egikarituko dituen agenda politikoaren aldeko konpromisoa» bilduko duen hitzarmena, BERRIAk jakin duenez.

«Indarrak biltzeko» hitzarmena da, «ezkerra gero eta indartsuago egituratzearen aldeko apustua», eta Euskal Herrian zabaltzen ari den fase politiko berriari «modu baikorrean» erantzuteko helburuarekin, bai arlo politikoan, bai eredu ekonomiko, sozial eta kulturalean. Indarren metaketa batzen dituzten gaiei lehentasuna emanez egin dute, egungo egoerari erantzuteko, baina epe luzera begira. «Aldaketa politiko zein sozialerako subjektua eraikitzeko abiapuntu izan nahi du, anitza baina artikulatua, eta beharrezkoak ikusiko diren eraldaketei ezkerreko zein ikuspegi aurrerazaleetatik aurre egiteko modukoa».

Hiru alderdiok elkarrekin egiten duten proposamena «konbentzimendu» batetik abiatzen da: «Euskal Herriarentzat ezinbestekoak diren eskubide pertsonal zein kolektiboak bilduko dituen agenda zuzentzeko gai litzatekeen indar politiko bakarra euskal ezker sendoa litzatekeela».

Burujabetza, «bizkarrezurra»

Pisu politiko eta sozial handiko agenda da aurkeztuko dutena, printzipio politikoetan bi aldeek duten nagusitasuna aintzat hartuz. Hitzarmenak berak aipatzen du akordioa «herrien zein pertsona ororen eskubide guztien defentsa indartzeko konpromiso kolektibo eta borondateen bateratzea beharrezkoa dela» eta «Euskal Herriak bizi duen abagune historiko honetan lehentasun politiko zein sozialei modu berean erantzun behar zaiela» pentsatzen dutenen artean egin dutela.

Printzipio politikoetan akordioaren «bizkarrezurra» Euskal Herriaren burujabetzaren defentsa dela aitortzen du, batetik, eta «gizarte eraldaketaren zerbitzurako subiranotasuna», bestetik. Horrela, «benetako eraikuntza nazionalik» ez dela izango dio hitzarmenak, «ez baldin badago une berean eredu sozioekonomikoaren egiturazko eraldaketa nagusirik eta ez bada benetako sakontze demokratikorik ematen burujabe izango liratekeen euskal instituzioen aldetik».

«Bake bideen» eta «bide politikoen» aldeko apustua egiten dute hiru alderdiek; eta «jarduera instituzionalen bidez zein desobedientzia zibilaren bidez» garatuko dute euren lana.

Hego Euskal Herrirako

Euskal Herria «berezko izaera instituzional zein subiranoa dagokion entitate historiko, geografiko, kultural eta politikoa duen errealitate nazionala» dela aitortuta, hiru alderdiok onartutako hitzarmena Hego Euskal Herriko lau lurraldeetara mugatzen da.

Indarrak biltzeko hitzarmenak izango duen garapena oraingoz zehaztu gabe dago. Igandean akordioa osotasunean aurkezten dutenean, argibide gehiago edukitzeko aukera izango da.

Ekitaldi horretan elkarrekin daudela aprobetxatuta, urtarrilaren 27rako gehiengo sindikalak Espainiako pentsioen erreformaren aurka deitu duen grebarekin bat egingo dute hiru alderdiok.

Bitik hirura

Azken hilabeteotan ez dira gutxi izan indar subiranista eta ezkertiarrak biltzeko deiak eta proposamenak. Dei horiek, ordea, ez ziren gauzatzen hasi iragan ekaina arte. Orduan, ezker abertzaleak eta EAk Lortu arte! hitzarmena izenpetu zuten.

Oraingo hitzarmena ez da haren garapena bezala ulertu behar, besteak beste, hura nazio mailako akordioa izateaz gain, euskal estatua sortzeko helburu estratategikoa biltzen baitu, eta Alternatibak ez baitu bere egin hain ibilbide luzeko apustu hori. Baina indarrak biltzeko borondatea duten bi alderdi izatetik hirura igarotzeak hilabeteotan egin diren deiei erantzun zabalagoa dakar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.