Ez diete Donostiakoei, Ondarroakoei edo Iruñekoei adina denbora eman. Sortu, eta sartu. Ordu batzuen buruan egin dute. Auzitegi Nazionalak agindua eman bezain pronto egin du men Ertzaintzak. Eman du ameto eta bete du agindua. 10:30 inguruan eman du Murillo epaileak Madrilera ez agertzea erabaki duten bost gazteak atxilotzeko mandatua, eta 18:40an basilika parean ziren ehun bat ertzain eta dozenaka furgoneta. Indarrez desegin dute Aske Gunea. Auzipetuei babesa ematera joandakoak tiraka eta bortxaz atera dituzte. Zaurituak izan dira. Kazetariak apartatu dituzte, eta ez diete euren lanik egiten utzi. Bost auzipetuak Madrilen nahi zituen gaur Murillo epaileak. Eta han izango ditu. Hango espetxean.
Bezperatik sortutako Aske Gunea deseginda gelditu da era horretan, ia hiru orduko jardunaren ostean, mozorrotutako lagunen artean bost auzipetuak identifikatu ostean. Eta Donostian, Ondarroan eta Iruñean ikusi eta bizi izandako uneak berriro gogoan hartu eta errepikatu ostean. Errepikatu dira elkartasun keinuak, errepikatu dira «badatoz; ez datoz» zurrumurruak, errepikatu urduritasuna, tentsioa, eta errepikatu gazte mugimenduari emandako babesa. Lepoan hartu eta segi aurrera, Maite zaituztegu, Utzi bakean alde hemendik, PNV lotu zuen txakurrak, Euskal gaztedia aurrera, Zuek hil zenuten Iñigo Cabacas... egin diete harrera basilikaren aurrean harresia osatu duten ehunka lagunek ertzainei. Hiru minutu eman dizkiete haiek jendartean babestutako bost auzipetuei agertzeko. Ez da inor agertu. Eta banan-banan hasi dira tiraka atera eta identifikatzen, bortxaz, gogor. Izan dira zaurituak. 60 urteko azpeitiar bat odoletan eraman dute anbulantziara. EH Bilduko legebiltzarkideei ez diete utzi hura ikusten: «Ertzainek bultzaka erabili naute zaurituaz kezkatu naizenean. Ez digute utzi begirale lana egiten». Ertzain bat ere zauritu da; eskaileretan erorita.
Tentsioa, gora. Segurtasun hesiaren bestaldetik eskaileretan daudenei elkartasuna erakustera joandakoak asko. Barrura sartzen saiatu denik ere bai, baten bat. 20:15ak. Jazint Ramirez atxilotu dute. Bostetatik lehena, eta jendetza oraindik harresian. Tartean beste lau auzipetuak. Segurtasun hesiaren bestaldekoak ertzainei aurre egiten. Nekez eraman dute Ramirez karpara. Han identifikatzen dituzte ateratakoak.
Imanol Salinas eta Xabier Arina dira hurrengoak (20:22). «Borroka da bide bakarra» eta «desobedientzia», egin dute garraisi atera dituztenean. Harresiaren herena desegin dute. Irati Tobar eta Igarki Robles falta dira. Babesa ematera joandakoak eusten. Ertzainak orain arte baino gogorrago. Bigarren harresi moduko bat sortu da segurtasun hesiaren kanpoaldean, eta ertzainak zalantzan atxilotuak nondik aterako. Kargatuko ote duten zabaldu da. Hesiaren bestaldeko herritar batzuei ur botila beteak kendu dizkiete. Tentsioa. Salinas eta Arina eramatea eragotzi nahi dute. Jendea errepidean eseri da. Tentsio gehiago. Ertzain bat, urduri, pankartak kentzen hasi da amorratuta. Irati Tobar eta Igarki Robles atxilotu dituztela zabaldu da. Ezin da ikusi; ilunpean. Baieztatu dute: bostak atxilotuta (21:15). Segurtasun hesiaren beste aldetik ez da inor mugitzen. Eta ehunka dira. Tobar eta Robles karpan dituzte oraindik. Antolatzaileek eskatu dute amaitu ere desobedientzia zibil eta baketsuaren bidez amaitu behar dutela. Txalo artean eraman dituzte azken biak ere. Harresiaren erdia falta da oraindik eraisteko. «Hator hator etxera», abesten dute eskaileretatik.
Eskailera horietatik. Loiolako basilikatik. «Konponbidearen arloan» duen sinbologiagatik aukeratutako gune horretatik, bai. Joan den larunbatean zortzi urte bete ziren Loiolako Arrupe hoteleko behealdeko gela batean bildu zirela Iñigo Urkullu eta Josu Jon Imaz (EAJ), Rodolfo Ares eta Jesus Egiguren (PSE-EE), eta Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitia (Batasuna). Loiolako elkarrizketen bilera sortako aurreneko saioa zuten 2006ko irailaren 20ko hura. Azaroaren 15era artean hamabi aldiz batu ziren hantxe, Euskal Herriaren aitortzaz, euskal herritarren erabakitzeko eskubideaz edota lurraldetasunaz hitz egiteko.
Hoteletik 50en metrora, Loiolako basilikaren aurreko karpan, Xabier Arina, Igarki Robles, Imanol Salinas, Irati Tobar eta Jazint Ramirez gazte independentistek prentsaurreko bat eman zuten atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalera ez zirela joan jakinarazteko. «Konponbidearen sinbolo» delako hautatu zuten Loiola.
Bost auzipetuek 120ren bat lagunekin batera da pasatu zuten lehen gaua, igandetik astelehenerakoa. Haien artean 65 urteko gizonezko bat: Miguel Angel Lekue Txirri (Larrabetzu, Bizkaia), bertan egotea «beharrezkoa» iruditzen zaiolako. «Ondarroako herri harresian gauez ez nuen egoterik izan, baina egunez azaldu nintzen, hiru bat aldiz. Orain bai, gaua pasatzeko moduan nago, eta Loiolara etorri naiz, beharrezkoa delako hemen egotea. Egin daitekeen gutxienekoa da hemen egotea, gazte hauekin», zioen Ertzaintza iritsi aurretik.
Horrelako «erasoen» aurrean protesta agertu behar dela uste duelako Lekuek. Horretarako, desobedentzia formula ona dela: «Urteetan eta urteetan esan izan da desobedentziari heldu behar zitzaiola. Hemen dugu desobedentzia kasu garbi bat: bost gazte ez dira joan Auzitegi Nazionalera. Gazteak ez ezik, bide hori babestu beharra dugu». Madrilgo epaiketara joan diren auzipetuen artean badu Lekuek herritar bat: Endika Perez. Haren eta beste 27 gazte auzipetuen alde lanean ari zen, Loiolako basilika aurrealdeko garbiketan. Herritar orori «elkartasuna» eta «konpromisoa» izateko eskatuz. Jaurlaritzari eta Ertzaintzari, berriz, «lana behar den moduan» egiteko; hau da, Auzitegiaren aginduari muzin egin eta gazteak ez atxilotzeko.
Hiru herri harresitan
Maddi Altunak (Zumaia, Gipuzkoa, 22 urte) hirugarren herri harresia zuen atzokoa. Donostiakoan egun guztietan izan zen, Ondarroakoan (Bizkaia) azkeneko egunean eta Azpeitikoan hasieratik. «Gazte mugimendua mobilizatzeko modu berria dugu hau. Ez da justu Aske Gunearekin hasitakoa, gogoeta bat egin zelako lehen, aurreneko urratsak egin ziren, baina gizarteak gehien herri harresiarekin ikusi du. Garai batean protestak-eta egiteko manifestazioak egiten genituen. Orain beste modu batera aritzen gara, aktiboago gara».
Donostian eta Ondarroan bizitakoak zituen gogoan. «Indar kolektibo bateko parte zara. Ikusten duzu jendeak bere bizimodua aldatu egiten duela Aske Gunean parte hartzeagatik: lantokitik ateratzean hona etortzen da, edo ez joaten klasera, edo etxeko gauzak uzten ditu...». Baina «ezintasuna» ere somatzen zuen Altunak. «Auzipetuak ondotik kentzen dizkizu poliziak. Harresi bat eraikitzen duzu eskutik-eta gogor helduta, baina etortzen da polizia eta lagunak eramaten dizkizu. Etsigarria eta mingarria da». Atzo berriro gertatu zitzaion.