Burujabetzaren aldeko hautua egin dute boto-emaileek 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Abertzaletasunak aise irabazi du, eta indartuta atera dira abertzaletasunaren barruan dauden bi joera historikoak. EAJk eta EH Bilduk 660.554 boto eta 48 eserleku lortu dituzte guztira, eta 297.216 botoren eta 21 aulkiren aldea atera diete Espainiako alderdi konstituzionalistei. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irabazi dute abertzaleek. EAJk aurreneko bietan eta EH Bilduk hirugarrenean.
Hiru herrialdeak batuta, EAJ gailendu da: 383.565 boto lortu du eta 27 eserleku. EH Bilduk jarraitu dio, 276.989 botorekin eta 21 eserlekurekin. 106.576 botoren eta 6 eserlekuren aldea egon da, beraz, bien artean. Ezkerreko alderdi subiranisten indar metaketa dela-eta, baina, txikitu egin da abertzaletasunaren bi joera horien artean azken urteetan egon den aldea, eta esparru abertzalean hegemonia lortzeko egon den lehia historikoa areagotu egin da, azken bi urteetako hauteskundeetan erakutsitako joera sendotuz.
Dena den, Eusko Legebiltzarra osatzeko eginiko hamar hauteskundeetatik lau alditan lortu du EAJk atzokoan baino emaitzak hobeagoak: 1984, 2001, 2005 eta 2009 urteetan. Azkeneko hauteskundeekin konparatuta, EAJk gora egin du. 50.000 boto baino gehiago lortu du Espainiako Gorteetarako eta Udal eta Foru hauteskundeekin konparatuta. EAJk beste alderdi guztietatik erakarri ditu boto-emaileak. EH Bilduk, berriz, ezin izan du ez Amaiurrek eta ez Bilduk eta Aralarrek lortutako emaitzak gainditu. Amaiurrek baino 8.302 boto gutxiago lortu du eta Bilduk eta Aralarrek baino 33.526 gutxiago. PPk boto galera handia izan du. Espainiako Gorteetarako hauteskundeekin konparatuta 90.000 boto inguru galdu du eta Udal eta Foru bozekin konparatuta, 15.000 inguru. Aurkeztu zen lehen aldian—1990. urtean—soilik lortu zuen atzokoan baino boto gutxiago. PSE-EEk, berriz, 23.000 boto inguru galdu ditu iazko bozekin konparatuta, baina gora egin du Udal eta Foru hauteskundeekin konparatutaz gero: 22.000 inguru irabazi du.
Emaitza onenetatik gertu
Eserlekuetan abertzaletasuna gertu egon da inoiz lortu duen aulki kopuru handienetik. 48 aulki lortu dituzte EAJk eta EH Bilduk, konstituzionalistek baino 21 aulki gehiago. 1986. urtean, berriz, 52 eserleku lortu zituzten abertzaleek, orain baino lau gehiago. 29 eserlekuren aldea atera zieten orduan konstituzionalistei.
Boto kopuruan, erraz gailendu den arren, abertzaletasunak ezdu 2001. urtean jarritako langa gainditu. Urte horretan ezarri zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdi abertzaleek inoiz lortu duten boto kopuru handiena. Orduan, 826.187 boto lortu zuten EAJk eta EAk osatutako koalizioak, Euskal Herritarrok-ek eta Ezker Batuak-ek. Espainiako alderdi konstituzionalistek, berriz, 580.128 boto lortu zuten. Bi joeren arteko aldea, baina, ez zen atzokoa bezain handia izan: 246.059 boto eta 11 eserlekuren aldea egon zen. 2001eko hauteskundeetan, gainera, %79 izan zen parte hartzea, eta, atzo, %65,83.
Herrialdekako emaitzei erreparatuta, abertzaletasuna nagusi izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. EAJk eutsi egin dio Bizkaian duen nagusitasunari. Lortutako botoen %60 herrialde horretan lortu du. EH Bilduk ere egin du gora Bizkaian, 6.000 boto gehiago lortu du.
Araban ere irabazi du EAJk. Iazko bozetan laugarren indarra izatetik lehena izatera pasa da, azken urteetan PPren esku egon den herrialdea. EH Bilduk ere gora egin du, 2.000 boto inguru. Gipuzkoan, berriz, 15.000 bototik gora galdu du EH Bilduk, neurri handi batean, EAJren mesedean. Bi alderdien arteko aldea 482 botokoa izan da.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Indartu egin da burujabetzaren aldeko joera
Alderdi abertzaleek 297.216 botoren eta 21 eserlekuren aldea atera diete Espainiako alderdi konstituzionalisteiEAJk 106.576 boto gehiago atera du EH Bilduk baino, lehia hegemonikoa areagotuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu