Ezker Soberanista Eraikitzen egitasmoak (ESE) ongietorria egin die Independentistak eta Adierazi EH ekimen sortu berriei. «Ezkerreko independentismo osoa elikatzen laguntzeko» sortu zen ESE, eta hark dio bi ekimen berri horiek «ziklo berrirako beharrezkoak diren hainbat ezaugarri» betetzen dituztela. Izan ere, «sakabanatutako indarrak elkartzeko garaia» da, ESEren irudiko: «Ez da unea norberaren zilborrari begira geldirik egoteko edota alderdikeria berekoian epe laburreko taktika antzuak jorratzeko».
Ostiralean bilera egin zuen ESEren talde sustatzaileak. Euskal Herria «ziklo berri baten hastapenetan» dagoela uste dute, eta ziklo hori «behin betiko sendo dadin» pertsona bakoitzak eta talde bakoitzak ahal duen guztia egin behar duela azpimarratu dute. Horregatik, sortzen ari diren sare berriei laguntza eskaini behar dietela uste dute. Hala, Independentistak eta Adierazi EH sareek «pentsamolde askotako lagunak» elkartu dituztela goraipatu du ESEk, eta haiei prestakuntza saioak eta lana eskaintzeko prest agertu da.
Jokaleku soziopolitikoan sigla eta talde gehiegi daudela uste du ESEk, eta eraginkorrak izateko «sinplifikazioa» beharrezkoa dela gaineratu du. Beren helburua esparru horretan lanean ari diren pertsona eta taldeei laguntzea dela ekarri dute gogora, «ezkerreko independentismoa ziklo politiko berrirako aldaketarako motor nagusia edo bakarra izango baita».
Independentistak eta Adierazi EH ekimenak txalotu ditu ESE egitasmoak
Sigla eta talde gehiegi dagoela dio, eta «eraginkorrak» izateko sinplifikatu egin behar dela uste du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu