Independentistak sareak aurkeztu du aurtengo Aberri Egunerako egitaraua. Iruñean egingo du, Gehiengoaren nahia, independentzia leloarekin. Manifestazioa egingo dute lehenengo, 12:00etan, Golem zinemetatik abiatuta. Anaitasuna kiroldegian bazkaria egingo dute gero, eta hainbat ekitaldi eta ikuskizun izango dira alde zaharrean.
Eskozia eta Kataluniako prozesuaren harira, Euskal Herriak, etorkizunari begira, "garai erabakiorra" bizi duela uste du Independentistak sareak. Haiei begira baino, propioa egin behar duena: "Erabakitzeko garaiak datoz eta erabaki egin nahi dugu. Geuk erabaki nahi dugu gure etorkizuna". Independentistek Euskal Herri librea aldarrikatu dute: "Independentzia nahi dugunok gehiengoa gara. Herri librea nahi dugu, herritar libreak izango dituena".
Independentziak Euskal Herriaren herritarren gehiengoaren beharrak eskaintzen dituela adierazi dute sareko kideek. "Gure etorkizun ekonomikoa eta soziala eraiki nahi dugu gehienok, justizian, arlo sozialean eta berdintasunean oinarrituko den gizartea". Jendartea aktibatzea ezinbestekoa izango da horretarako: "Euskal estatuaren eraikuntzarako subjektu berria martxan jartzeko garaia da".
Herritarrei Aberri Egunean parte hartzera deia egitez gain, laguntza ere eskatu diete, bai eguna antolatzeko bai kartelak banatzeko herri eta auzoetan. Euren webgunearen bidez edo [email protected] helbidearen bidez harremanetan jartzeko eskatu dute horretarako.