Urriaren 12a gorriz markatua dago Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako egutegi gehienetan. Hispanitatearen Eguna da. Espainiak ezarritako jaieguna. Euskal Herrian, ordea, askok aldarrikatu dute urteotan urriaren 12a ez dela ezer ospatzeko eguna, eta ugariak izan dira, urtero, jaiegun horren aurka egindako protestak, Espainiaren zapalkuntza eta inperialismoa irudikatzen duela ulertuta. Iaz, zer ospatu badagoela aldarrikatu zuen Independentistak sareak. Independentziaren aldeko egun gisa hartu zuen urriaren 12a. Iruñean egindako lehen Martxa Berdean, munduko herrien askatasuna ospatu zuen, jai giroan. Arrakastatsua izan zen, eta aurten ere ekitaldi bat prestatu du sareak. Bigarren Martxa Berdea egingo du, Bilbon.
Arratsalderako egin du nazio mailako deia sareak. 17:00etan bilduko dira Bilboko Jesusen Bihotza plazan, eta Kale Nagusian zehar abiatuko da. Moyua plazara iritsitakoan, geldialdia egingo dute. Espainiako Gobernuaren ordezkaritza dago plaza horretan, eta minutu batzuez ordezkaritzaren aurrean geldituko da martxa. Plaza bete, eta burrunba egingo dute han, «Espainiatik euskal herritarren haserrea entzun dezaten». Horretarako, zarata ateratzeko tresnak eramateko deia egin dute sareko kideek.
Geldialdiaren ondoren, Kale Nagusian behera jarraitu, eta San Nikolas aurrean amaituko da protesta. Asteazkenean aurkeztu zuten ekimena sareko kideek. Eta Txutxi Ariznabarretak parte hartzeko «dei irekia» egin zuen. Gonbita herritarrei egina zela nabarmendu zuen; alderdi edo siglekin loturarik ez duen ekimena izango dela asteazkenekoa, eta beraz, «euskal gizarteak aurrera egiteko baliabide propioen beharra duela uste duen pertsona guztiei» eginiko deia dela, izan abertzale edo ez. Badira, dena den, Independentistak sareak antolatutako Martxa Berdearekin bat egin duten alderdi politiko eta sindikatuak: Eusko Alkartasunak eta LABek bat egin baitute dagoeneko, eta parte hartzeko deia egin baitiete afiliatu, jarraitzaile eta herritar orori.
Etorkizuna definitzeko bidea
«Argi eta ozen esan behar dugu independentzia dela herri eta gizarte gisa gure etorkizuna definitzeko aukeratu dugun bidea», esan du EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek, urriaren 12ko Martxa Berdeari atxikitzeko egindako adierazpenetan. «Errepresio politikoak, Konstituzioaren mugek eta Frantziako eta Espainiako estatuek ez dute erauztea lortu gure gizartean txertatuta dagoen nahia, bere etorkizuna erabakitzeko nahia inguruko herrien baldintza beretan», azpimarratu du Urizarrek. Abertzaletasuna egun inoiz baino indartsuago dagoela uste du EAko idazkari nagusiak, eta, ondorioz, «helburuetatik gertuago», «batuta» dagoelako, «bide demokratikoen aldeko apustu sendoarekin eta gizartearen babes zabalarekin».
Herria hondoratu ez dadin
Espainia: Inposaketa eta hondamena. Independentzia! Horixe hartu du lelotzat Independentistak sareak bigarren Martxa Berderako, egungo egoera ekonomikoarekin lotuta. Izan ere, sarekideen ustez, politika eta kultura aldetik ez ezik, ekonomia aldetik garatu ahal izateko ere behar du independentzia Euskal Herriak. Euskal Estatu propioa eskuratu ezean, Espainiarekin batera hondoratuko da ekonomia aldetik Euskal Herria, Espainiak agerian utzi baitu ez dela egungo krisitik ateratzeko gai.
Hainbat ekonomialarik egindako azterketatik ondorioztatu du hori Independentistak sareak: «Espainiak hondamenera garamatza, eta independentzia da gure etorkizuna bermatzeko bide bakarra». Izan ere, ekonomialariek azken hilabeteetan egin eta sareak aste honetan plazaratu duen ikerketan jaso dutenez, euskal ekonomiak aurrera egin eta garatzeko aukera handia du, oinarri sendoak baititu. Baina, Maite Aristegi sareko ordezkariak azaldu zuenez, Espainiara lotuta egonik, Euskal Herriak «eskuak lotuta dauzka» berez duen gaitasunaz baliatzeko.
Independentisten nazio ekitaldia urriaren 12an, Bilbon
Ekonomia aldetik hondoa ez jotzeko Euskal Estatua behar dela aldarrikatuko du Independentistak sareak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu