Independentzia beharrezkoa dela dio Garitanok, Madrilen «inposizioei» aurre egiteko

Bilduk politika egiteko «bestelako eredu bat» abian jarri duela esan du Gipuzkoako ahaldun nagusiak osoko bilkuran«Programarik eza» eta «inposizioa» leporatu diote oposizioko alderdiek

Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, atzo, Batzar Nagusietan egin zen politika orokorrari buruzko saioan. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Aurreko urte politikoa amaitu bezala hasi dute berria Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak epelak entzun behar izan ditu Batzar Nagusietan eginiko osoko bilkuran. Iaz abian jarritako gobernu programa defendatu du, baina oposizioko taldeek, urte osoan jardun duten moduan, «programarik eza», «inprobisazioa» eta «inposizioa» leporatu diote Bilduko agintariari.

Krisialdi ekonomikoari aurre egiteko iaz abiatutako egitasmoekin aurrera jarraitzeko helburua agertu du Garitanok; bereziki, zerga sistemaren erreformarekin. Arlo ekonomikoarekin lotuta ere, «subiranotasun handiagoa» eskatu du euskal instituzioentzat, eta bide eraginkorrena independentzia dela aldarrikatu. Garitanoren hitzetan, Euskal Herriko erakundeek euren erabakiak hartzeko gai izan behar dute, Espainiak «inposatutako» neurriei aurre egiteko. «Ez dugu erreskaterik nahi. Ez dugu behar. Subiranotasuna behar dugu. Independentzia da bidea».

Independentziaren aldeko aldarrikapen horretaz gain, Garitanok ez du bestelako egitasmorik azaldu, oposizioko alderdiek, Aralarrek salbu, salatu dutenez. Garitanoren aurkako zentsura mozioa aurkezteko proposamena egin duenik ere izan da; PPko Juan Carlos Cano. Baina EAJk eta PSE-EEk berretsi egin dute ez dutela gisa horretako egitasmorik babestuko. Jeltzaleek, halere, ez dute haserrea ezkutatu, arlo ekonomikoan bereziki, eta Bilduren gobernuak jarrera aldatzen ez badu, bestelako neurriak hartzera «behartuta» egongo direla ohartarazi dute; besteak beste, euren kabuz Batzar Nagusietan plan ekonomiko bat aurkezteko asmoa agertu dute, Garitanok ez badu horrelakorik egitenmartxoa baino lehen.

Gisa horretako plan baten beharra defenditu du PSE-EEko Rafaela Romerok ere. Hura ere oso kritiko azaldu da Garitanorekin, ez duelako «autokritikarik» egin eta «gipuzkoarren arazo larrienei» aurre egiteko egitasmorik ez duelako aurkeztu. Hala ere, eta zergen eta gizarte zerbitzuen alorrean bereziki, elkarlana eskaini dio diputatu nagusiari; aurretik, baina, «egindako huts egiteak» onartzeko eta jarrera aldatzeko eskatu dio.

Oposizioko alderdien jarrera kritikatu du Garitanok, agintera heldu zenetik, Bilduren aurka «batuta» aritu direlako eta berdin jarraitzeko asmoa agertu dutelako. «Aldaketaren beldur dira. Frontea osatzea da haien helburu bakarra, eta ez edukien gainean eztabaidatzea. Baina gipuzkoarrak nazkatuta dauzkate, haiengandik urrun». Garitanok jarrera aldatzeko eskatu die, eta eskua luzatu «diskurtso horiek alboratu eta eraikitzen joateko».

Lehentasunak

Krisialdi ekonomikoa izan zen atzoko osoko bilkurako eztabaidagai nagusia. Garitanok, baina, bake eta konponbide prozesuari heldu zion aurreneko hitzetan—oposizioko alderdiek ez zioten ia gaiari heldu—. Prozesu horretan Foru Aldundia «eragile aktiboa» izan dela adierazi zuen, eta salatu prozesua «oraindik» alde bakarrekoa izaten jarraitzen duela; EAJri erreferentzia eginez, eragile «batzuk» Aieteko bake konferentzian hartutako konpromisoetatik «urrundu» direla salatu zuen.

Krisialdi ekonomikoari aurre egiteko neurriei dagokienez, berriz, Garitanok ez zuen proposamen berririk egin. Iaz abian jarritako bidetik aurrera egiteko nahia agertu zuen. Eredu hori garatzeko, Gipuzkoak «oinarri sendoak» dituela adierazi zuen. Nolanahi ere, Espainiako Gobernutik «inposatutako» neurriei aurre egiteko euskal instituzioek «burujabe» izan behar dutela adierazi zuen, Euskal Herriak «berezko eredu sozioekonomiko berri bat» eraiki dezan.

Gizarte zerbitzuen alorrean, berriz, Madrildik ezartzen diren murrizketak gogoratu zituen Garitanok. Nabarmendu zuen bere gobernua «sekulako ahalegina» egiten ari dela neurri horiek Gipuzkoan eragina izan ez dezaten. Iazko aurrekontuen erdia gizarte zerbitzuetara bideratu zutela gogoratu zuen, eta, aurrerantzean ere bide horretatik jarraitzeko nahia agertu zuen. Horretarako, baina, diru sarrerak bermatu behar direla nabarmendu zuen.

Horiek ziurtatzeko asmoz, Garitanok azaldu zuen aldundiaren politikaren oinarri izaten jarraituko duela iaz abiatutako zerga sistemaren erreformak; hala, beste urrats batzuk iragarri zituen sozietate eta fortuna handien gaineko zergetan. Zerga iruzurraren aurkako borrokak aurrerantzean ere «lehentasuna» izango duela adierazi zuen —urtebetean epaitegietara bidalitako espedienteak bikoiztu direla jakinarazi zuen—. Pobreziaren aurkako planarekin jarraituko dutela nabarmendu zuen, foru aldundiak udalei egindako diru ekarpenei eutsiz.

Bere hitzaldian, beste gai batzuk ere izan zituen hizpide, labur: eskualdeetan oinarritutako tokiko garapena defendatu zuen; Pasaiako badiaren biziberritzea, kanpoko portua alboratuz; errepide sistema «errentagarri eta justuago bat» lortzea —hilean 25 euroko gastu muga ezartzea autopisten erabiltzaileei—; eta garraio publikoa lehenestea —txartel bakarraren erabilera Donostiara zabalduz—. Aurreko urte politikoaren eztabaidagai nagusia izan zen hondakinen kudeaketari buruz, berriz, ez zuen aipamenik egin bere hitzaldian. Oposizioaren kritiken ondoren, baina, «gipuzkoarren iritzia kontuan hartzeko» eskatu zien oposizioko alderdiei Garitanok. «Guk ez dugu atez atekoa inposatzen, udalbatza bakoitza erabakitzen ari da bere sistema».

«Inprobisazio» kritiken aurrean, berriz, Garitanok adierazi zuen Bilduk baduela programa bat, eta herriz herri aurkezten ari direla hori. «Inposizio» kritiken inguruan, jeltzaleei gogoratu zien haiek dekretu bidez aldatu zutela sozietate zerga.

Eta enpresentzako laguntzei dagokienez, Bilduk Kutxabanken beste eredu bat proposatu zuela gogoratu zuen, besteak beste, finantzazio hori bermatzeko.

EAJk proposatutako plan ekonomikoari dagokionez, Foru Aldundia tokian tokiko garapen agentzia eta eragile ekonomikoekin jeltzaleek proposatutako planaren moduko bat lantzen ari direla nabarmendu zuen.

Osoko bilkurak ostegunean jarraituko du mozioen bozketekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.