independentzia

Independentzia pentsatzeko

Independentzia helburu liburua idatzi dute Andoni Olariaga, Unai Apaolaza, Jule Goikoetxea eta Imanol Galfarsoro iraskaleek, bakoitzak artikulu bat eginda.

Andoni Olariaga, Jule Goikoetxea eta Unai Apaolaza, Donostian, 'Independentzia helburu' liburuaren aurkezpenean. Imanol Galfarsoro da beste egilea. JON URBE, ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2015eko abenduaren 2a
08:40
Entzun

"Ekarpen teoriko indartsua" egin dutela adierazi du Laura Mintegik aurkezpenean, baina liburua "praktikoa" ere badela. "Bazka eman die [Euskal Herriaren] independentzia zaleei, independentzia pentsatzeko". 

Olariagak Hautsi da anphora. Erresistentziatik eraikuntzara artikulua idatzi du. "Askapen mugimenduaren krisia" aztertu du, azken bost hamarkadetakoa ere "agortuta" dagoelakoan. "Nazio kontzeptua, eztabaida estrategiko guztien erdigune" gisa ere jorratu du, eta uste du Euskal Herriaren independentziarako bidea gizartearekin batera egin beharrekoa izango dela, baina betiere "erresistentzia ziklotik, eraikuntza ziklora" pasatuz.

Apaolazak Abertzaletasunetik independentismora alea idatzi du. Iritzi dio euskal esentzialismoak "ezinak" erakusten dituela inpedendentziaren hautua hegemonikoa izateko, eta, ondorioz, gaur egun estrategia independentista "krisian" dagoela. "Lanabes berrien" alde egin du, eta helburua erdiesteko "gizarte guztia" hartu beharko dela kontuan, ez abertzaleak soilik. Halaber, "independentismoa zabaltzeko eta aktibatzeko giltza, konfrontazioa demokratikoa" aldarrikatu du.

Goikoetxeak Euskal Estatugintza Feminista aldarrikatu du bere idazian. Estatua eta demokrazia kontzeptuak aztertu ditu lehenik, argitze aldera. "Independentziarekin zer esan nahi dugun ez baitakigu", haren arabera. "Era patriarkal batean ulertzen dugu euskal demokrazia, euskal gatazka, bakea eta Euskal Herria, oro har".

Galfarsorok —ezin zuen aurkezpenean egon— Estatu gabeko naziotik naziorik gabeko estatura idatzi du. "Estatugintza modernoak, hau da, askatasunak berak, eskatzen du gure iraganarekiko errepresentazio kultural eta historiko partikularistetatik askatzea", dio liburuan.

Mintegiren ustez, lau egileek "eztabaida eraikitzaile bat" plazaratu dute liburuarekin, eta uste du garbi jarri dutela independentismoak XXI. mendeko osagaiak kontuan hartu beharko dituela aurrera egin nahi badu. Iñaki Soto Gara-ko zuzendaria ere izan da Donostian egindako aurkezpenean. Iritzi dio "pentsamendu" liburu honek euskal gizarteko eztabaida maila "igo" egin duela. Herritarrei begirako lan bat izatea ere laudatu du.

Txalapartak argitaratu du Independentzia helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.