Independentziaren aurkako diskurtsoa ekarri du Euskal Herrira Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak. «Zentzugabekeria hutsa da bizi garen garaiotan banaketan pentsatu ere egitea. Gero eta muga gutxiago dago munduan». Independente balitz Euskal Herriak etorkizun beltza lukeela ohartarazi du, gainera: «Txiki ez beste guztia izan daiteke gaur egun. Ezerezean geratzen da txikia». Alderdi abertzaleei botorik ez emateko eskatu du, beraz. «Independentziarena inora ez daraman bide bat baita».
Eusko Legebiltzarrerako bozetako kanpainan lehen aldiz parte hartu zuen Raxoik atzo. Donostian izan zen, EAEko PPren mitin batean. Antonio Basagoiti hautagaiarekin eta PPko beste buruzagi hainbatekin batera. Aurrez, Donostian bertan, enpresari batzuekin bildu zen Raxoi, Gipuzkoako Merkataritza Ganberan. Ateak itxita egin zuten bilera, eta ez dute jakinarazi zertaz aritu ziren.
Ekonomiaz aritu ziren, hain segur, enpresariak eta Raxoi, baina jendaurreko agerraldian apenas egin zuen hitzik diru kontuei eta murrizketei buruz. Esaldi bakarra, lehendik ere esana duena: «Neurri horiek hartu beharra ez zait gustatzen». Erabaki horiengatik herritarrek bizkar emango ote dioten beldur da PP. Raxoi: «Normala da erabaki guztietan ados ez egotea. Oinarrian ados dagoenak botoa eman behar digu».
Ekonomia gaietatik azkar egin zuen ihes, ordea. Independentziaren gaira, berriro ere. «Ahalegin erabatekoa krisiari aurre egiten jarrita daukagu guk; beste batzuk, berriz, atzera egiteko eta errekuperazioa ateratzeko proposamenak egiten ari dira». Independentziarako bidea hasteak herritarren ongizateari kalte egingo lioke, Raxoiren esanetan. «Inora ez daraman bidea da, eta pertsonen geroa jokoan jartzea dakar».
Horren aurrean, honako hauxe da PPren eskaintza: «Espainia batu eta oso baten barruan nahi dugu Euskadi, eta Europako Batasun batu eta oso baten barruan».
Konstituzioa eta estatutua
Joko zelaia zein den argi du Raxoik: «Espainiako Konstituzioa da gu guztion etxea. Denok kabitzen gara, pentsatzen duguna pentsatu. Haren altzoan, inoizko aurrerapen handiena izan dugu».
Gernikako Estatutua ere aipatu du. «Euskadik inoizko autogobernu handiena du estatutuarekin. Inoiz ez du izan arau horrekin baino autogobernu handiagorik». Raxoik iragarri du estatutua eta konstituzioa eskuan egingo diela aurre independentzia asmoei. «Beraz, oso garrantzitsuak dira boz hauek. Bai, kanpaina guztietan esaten dut hori, baina oraingoan bai: oso garrantzizkoak dira».
Ekonomiaz hitz gutxi Basagoitik ere. Independentziaren eta EAJren aurkako mezuak zabaldu zituen uneoro. «Gehienek ez dute nahi independentzia, eta ezin diete hori nahi dutenei botoa eman».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. PP
Independentzia «zentzugabea» dela dio Raxoik, eta ez daukala etorkizunik
Independentzia lortuta Euskal Herriak ondoren iluna lukeela ohartarazi du PPko buruak; apenas aritu den krisiari buruz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu