ESTATUS POLITIKOA

Independentziara 2004ko estatutu proposamenetik abiatzeko eskatu dio Arraizek Urkulluri

"Urratsak egiteko espazioa" Eusko Legebiltzarreko autogobernu batzordea dela azpimarratu du Urkulluk, eta lehentasunezkotzat jo du "sentimendu ezberdinetako euskal herritarren artean akordioa lortzea".

Hasier Arraiz Eusko Legebiltzarrean, estatutu proiektua eskuan. ARGAZKI PRESS
2015eko apirilaren 17a
12:56
Entzun

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran zuzendu zaio Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkidea Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Eskatu dio, independentziara bidean, "abiapuntu gisa" erabil dezala Eusko Legebiltzarrak 2004ko abenduan onartutako estatutu proposamena —Ibarretxe Plana izenaz ezagun egin zena—.

Arraizen iritziz, maiatzeko udal eta foru hauteskundeen ostean gerta liteke "erabakitzeko eskubidearen kontrako gobernurik" ez egotea Hego Euskal Herrian, eta horiek "prozesu subiranistaren palanka" izatea espero du.

Besteak beste, "Euskadi herrialde independentea izango da 2030ean" esan zuen asteazkenean Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean. Ibarretxeren hitzaldiarekin "sintonian" dago EH Bildu, Arraizen esanetan, eta gogorarazi du hark 2003an egindako proposamenak Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren babesa izan zuela.

"Ibarretxe lehendakaria bezala, gu ere Espainiako Estatuarekin negoziatzen saiatzearen aldekoak gara; gure aldetik, negoziazio ariketa zintzoa, erakusteko Espainiako Estatuak ez duelako inolako borondate demokratikorik euskal herritarrek erabaki nahi dutena onartzeko", esan du Arraizek.

EH Bilduren "immobilismoa" salatu du Urkulluk

"Euskal Bidea hutsetik hasten ez den bidea da", erantzun dio Urkulluk Arraizi, EAEko estatutuen onarpenak gogora ekarriz. Urkulluk nabarmendu du EAJren proiektua Eusko Jaurlaritzaren gobernu programan jasotzen dela, gogoraraziz "erabakitzeko eskubidearen erakundetzearen" aldekoa dela. EH Bildu "presaka" dabilela eta "bide-orria aldatu" nahi duela uste du Urkulluk: "Mugitzeko konpromisoa azaldu zenuen eta ez duzu egin, eta orain, mugimendu itxurak egiteko, beste guztiak mugiaraztea bururatu zaizu".

"Urratsak egiteko espazioa" Eusko Legebiltzarreko autogobernu batzordea dela azpimarratu du Urkulluk, eta lehentasunezkotzat jo du "sentimendu ezberdinetako euskal herritarren artean akordioa lortzea"; hori Loiolako akordioan gertatu zela erantsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.