"Iritsi da unea independentziarako gure bidaia abiatzeko", esan dute Txutxi Ariznabarreta eta Itziar Ituñok goizean Bilbon egindako agerraldian. Horretarako, ordea, urratsak "zehaztu" behar direla nabarmendu dute, ezin delako pasatzen utzi "olatu independentista". Izan ere, 2014a urte garrantzitsua izango dela nabarmendu dute independentistek, Eskoziako eta Kataluniako prozesuetan urte hori jarri baitute mugarritzat. "Euskal Herrian ere iritsi da hausnarketa egiteko ordua: euskal estaturik gabe ez dago etorkizunik".
Hori guztia aldarrikatu eta kaleak betetzeko asmoz, Egun Berdea egingo dute Durangon abenduaren 6an, "konstituzio arrotzaren" egunean. Egun osorako egitaraua antolatzen ari dira, eta Martxa Berdea ere egingo dute tartean.
Erakusleku propioa azokan
Asteburu horretan egingo da Durangoko Azoka ere, eta iaz bezala, erakusleku propioa izango du Independentistak sareak. Besteak beste, "Eskozia, independentziarako bidaia XXI. mendean" liburua aurkeztuko dute.