Independentziaren aldeko mozio bat onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

EAJ abstenitu egin da, ez baitu onartzen Garitanoren esku uztea bide orri bat zehazteko ardura

jokin sagarzazu
Donostia
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Independentziaren aldeko mozio bat onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Bildu eta Aralarren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin da, eta PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute. Mozioak hala dio: «Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari dei egiten diote, Espainiako Estatuko Gobernua etengabe egiten ari den esparru anitzeko erasoei aurre egiteko lidergoa har dezan eragileekin batera bide orri bat lantzeko, independentzia helburu».

Funtsean, EAJren abstentzioa lidergoaren aipamen horretan oinarritu da. EAJren batzarkide taldeko bozeramaile Eider Mendozak, hala ere, azaldu du mozioa onartzeko «asmoa» zutela baina,Bilduko bozeramaile Idoia Ormazabalen adierazpen batzuk direla medio, azkenean ez onartzea erabaki dutela. Ormazabalek Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandako Jose Antonio Agirreren eredua jarri zuen Martin Garitano ahaldun nagusiaren jarduna irudikatzeko, eta horrek haserrea eragin zuen jeltzaleen artean. Aurretik, baina, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin parekatu zuen EAJk Garitanoren politika, eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiarekin PSE-EEk. Testuinguru horretan esan zituen hitzok Ormazabalek, eta jeltzaleek beraiek sortutako ika-mika hori erabili zuten euren abstentzioa azaltzeko.

Atzo amaitu zen Batzar Nagusietako osoko bilkura, batzarkide taldeen mozioen inguruko eztabaidarekin. Asteleheneko saioan bezala, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko plan bat aurkezteko eskatu zioten EAJk eta PSE-EEk Garitanori, hainbat mozioren bitartez. Hala ere, EAJren mozio nagusia ez zuten onartu Batzar Nagusiek. EAJk Foru Aldundiari eskatu zion martxoa baino lehen krisialdi ekonomikoari aurre egiteko plan bat aurkezteko, eta, hori egin ezean, haiek berea aurkeztuko zutela. PSE-EEren ustez, ez da martxora arte itxaron behar, eta Garitanoren aurkako zentsura mozio bat babesteko eskatu dio EAJri. Mendoza harrituta agertu da sozialisten «jarrera aldaketarekin», asteleheneko saioan ez baitzuten zentsura mozioari buruzko aipamenik egin.

EH Bilduren babesa

Atzoko saioan Xabier Isasi EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburua izan zen, eta, kazetarien aurrean eginiko adierazpenetan, Foru Aldundiaren politika babestu eta oposizioaren jarrera kritikatu zuen, bere iritzian, krisialdi ekonomikoa «erabiltzen» ari direlako foru aldundiaren aurkako «apologia» egiteko. «Kalean ez da antzematen horrenbesteko tentsiorik. Gipuzkoak funtzionatzen du», esan zuen Isasik. Foru aldundiaren oinarriak zerbitzu sozialei eustea, parte hartzea eta lurralde oreka direla ere nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.