Gipuzkoa

Independentziaren aldeko mozio bat onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

EAJ abstenitu egin da, eta PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute.

jokin sagarzazu
2012ko irailaren 27a
15:52
Entzun

Bildu eta Aralarren batzarkide taldeen aldeko botoarekin, independentziaren aldeko mozio bat onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran. EAJ abstenitu egin da, eta PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute. Batzar Nagusietako osoko bilkurako bigarren saioan onartu dute mozioa. Hala dio, hitzez hitz: “Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari dei egiten diote, Espainiako Estatuko Gobernuak etengabe egiten ari den esparru anitzeko erasoei aurre egiteko, lidergoa hartu dezan eragileekin batera bide orri bat lantzeko, independentzia helburu”.

EAJren batzarkide taldeko bozeramaile Eider Mendozak azaldu duenez, mozioa onartzeko asmoa zuen alderdi jeltzaleak, baina Bilduko bozeramaile Idoia Ormazabalek eginiko adierazpen batzuk direla medio, abstenitzea erabaki dute. Ormazabalek  Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandako Jose Antonio Agirreren eredua erabili du, eta horrek jeltzaleen haserrea eragin du. Aurretik, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin konparatu zuen EAJk Garitanoren politika, eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiarekin PSE-EEk. Testuinguru horretan esan du Ormazabalek antzekotasunak bilatzekotan, Agirrerekin bilatu beharko liratekeela.

Hitz horiek gogor kritikatu ditu EAJren bozeramaileak, eta Bilduk proposatutako mozioarekin lotuta, adierazi du EAJk ez diola ez Bilduri ez Garitanori aitortzen gisa horretako bide orri bat gidatzeko gaitasuna.

Astelehenean egin zuten osoko bilkurako lehen saioa Batzar Nagusietan, eta gaur jarraitu du taldeen mozioen inguruko eztabaida eta bozketekin. Guztira, 120 mozio bozkatu dituzte. Asteleheneko saioan bezala, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko plan bat aurkezteko eskatu diote EAJk eta PSE-EEk  Garitanori. Eztabaidan zehar aurreko egunean erabilitako argudioak errepikatu dituzte. EAJk eta PSE-EEk “inposizioa” eta “noraeza” leporatu diote ahaldun nagusiari. Bilduren batzarkide taldeak, berriz, Foru Aldundiak abian jarritako “eredu aldaketa” defendatu du.

EH Bilduren babesa

Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkurako bigarren saioan izan da Xabier Isasi EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburua eta, han, kazetarien aurrean eginiko adierazpenetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatutako “eredu aldaketari” babesa eman dio. Oposizioaren jarrera kritikatu du, haren iritzian, krisialdi ekonomikoa “erabiltzen” ari direlako Foru Aldundiaren aurkako “apologia” egiteko.  “Kalean ez da antzematen horrenbesteko tentsiorik. Gipuzkoak funtzionatzen du”. Foru Aldundiaren oinarriak zerbitzu sozialei eustea, parte hartzea eta luralde oreka direla nabarmendu du Isasik, eta  gastu soziala azpiegitura handien gainetik jarri izana txalotu du.”Guretzat zuzena da bide hori”

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.